Beste emanaldi berezi bat antolatu du Ereñotzuko Olak Auzo Elkarteak, larunbat honetarako. Eta aurrekoan bezala, bertsoak eta musika uztartuko dituzte, oraingoan ere: Eli eta Manex Pagola ereñotzuarrak igoko dira taula gainera, Kontzertu bat bertsotan emanaldia eskaintzera.
Iluntzeko 20:00etan izango da, Ereñotzuko frontoian; eta doakoa izango da sarrera, baina gonbidapenak eskatu beharko dira aldez aurretik, emanaldiaz gozatu ahal izateko. Horretarako, 688 780 356 telefonora deitu behar da.
Eñaut eta Unai Agirre anaiek eta Imanol Kamiok eskaini zuten saio berezia, bertso jarri musikatuena, urriaren 16an, frontoian bertan. Bertsoak eta musika uztartuko ditu Pagolatarren emanaldiak ere, baina beraien sorkuntza propioa da taula gainera ekarriko dutena: Elik sortu ditu bertsoak, eta Manexek musika jarri. Sortutako piezekin, gainera, diskoa ere kaleratu berri dute, Bertso musikatuak izenekoa; eta larunbatekoa dute estreinako kontzertua.