Ereñotzun bizi den Paulo Errazkin hernaniarrak 100 urte bete ditu gaur

Kronika - Erredakzioa 2020ko urr. 24a, 00:00

Udal ordezkaritzak ezingo du bere baserrira joan eta, beraz, Xabier Lertxundi alkateak hernaniarren izenean pantaila bidez zorionduko du Errazkin. 

1920ko urriaren 24an jaio zen Paulo Errazkin Zuriarrain, Hernanin. Egun Ereñotzun bizi da, Añarregi baserrian, familiarekin batera. Baserriaren bueltan bizi izan da beti Paulo, ganadua zaintzen. Etxean hazitako produktuak herriko plazan saltzen zituen.

Candida Setien zenarekin ezkondu zen eta harekin lau seme-alaba izan zituen. Haietaz gain, hiru bilobek eta beste hiru birbilobek osatu dute familia. Baserriko gizona izanda, beti eskuak okupatuta izaten ditu Paulok. Intxaurrak eta hurrak txikitzen aritzen da eguraldi epel dagoenean, baserriaren kanpoaldean.

Ospakizun jendetsuagoa ze­ukaten buruan senideek, baserri inguruko bizilagunak eta senitarteko ugari elkartzea baitzen asmoa, baina COVID-19ak hala behartuta, gertuko familiarekin ospatuko dute Pauloren 100 urteko ibilbidea.

Pandemiaren ondorioz ere, Hernaniko udal ordezkaritzak ezingo du baserrira bertara joan ohiko bisita egitera. Egoera berezi honetan lore-sorta bat bidaliko zaio etxera eta horrekin batera, bideo bat. Pantaila bidez bada ere, alkateak hernaniarren izenean zorionak bidaliko dizkie Paulo berari eta haren gertukoei. 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!