Uda kulturala

Senarra pozoitzeko plan baten gorabeherak, etzi frontoian

Kronika - Erredakzioa 2020ko uzt. 21a, 00:00

Ane Gabarain eta Mikel Laskurain aktoreen eskutik, antzerki saio barregarria ikusteko aukera izango dute ereñotzuarrek, ostegun arratsaldean. Horretarako, izena eman behar da aldez aurretik, 688 780 356 telefonora deituta edo WhatsAppez idatzita.

Ostegun honetan izango du zita berri bat, Ereñotzuko Uda Kulturalak. Eta oraingoan, antzerkiari egingo diote tokia: Zoaz pake santuan antzezlana eskainiko du Txalo Produkzioak konpainiak, Ane Ga­barain eta Mikel Laskurain aktoreen eskutik.

Arratsaldeko 19:30etan izango da hori, Ereñotzuko fronto­ian; eta antzezlanaz gozatu nahi duenak, izena eman beharko du aldez aurretik, orain arteko saioetarako bezala. Horretarako, 688 780 356 telefonora deitu be­har da, edo WhatsAppez idatzi.

Senarra pozoitzeko saiakera baten kronika aldrebesa

«Lehertzeko moduko komedia» eskainiko dute, Gabarainek eta Laskurainek. Bikote bat irudikatuko dute, baina ez bikote zoriontsu bat: daramakiten bizimodu aspergarriarekin amaitzeko asmoz, gizona pozoitzea erabaki du emakumeak. Eta hori are eta gordinagoa egiteko, bere asmoa aitortuko dio gizonari, eta prest dago haren azkeneko orduak etxe batean giltzapetuta pasatzeko, berarekin. Aurreiku­si­tako plana, ordea, hankaz gora jarriko zaio emakumeari.

Antzezlan barregarria izango da, etengabeko ustekabez betetakoa. Akatsez eta ahuleziaz betetako bi pertsonaia izango dira taula gainean, «baina aldi berean, mai­tagarriak eta dibertigarriak», aurreratu dute.

Emmanuel Robert-Espalieuren obra da Ereñotzura ekarriko dutena, eta Begoña Bilbao da antzezlanaren zuzendaria. 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!