Gaur emango diote segida, Ereñotzun, Uda Kulturalaren programazioari. Eta oraingoan, zinea eskainiko dute, aire librean: Small foot pelikula jarriko dute euskeraz, gaueko 22:00etan hasita, Ereñotzuko plazan.
Marrazki bizidunetako filma da Small foot, 2018an ekoiztutakoa, eta 96 minutuko iraupena dauka. Komediatik eta abenturatik daukan pelikula musikala da, eta Migo da protagonista, Yeti gazte bat. Bere espezie berekoekin bizi da, mendi elurtuetan. Denek kontrakoa dioten arren, bera ziur dago badirela small foot edo oin txikikoak: gizakiak, alegia. Haietako batekin egingo du topo, eta horrek fama ekarriko dio Migori. Yetien komunitatea, era berean, hasiko da pentsatzen zer gehiago egon daitekeen, beraien bizileku elurtuetatik harago.
Bertan egoteko, izenematea
Pelikula ikusteko, aforoa mugatua izango da; eta bertan egon nahi duenak, izena eman beharko du aldez aurretik, Olak Auzo Elkartera deituta edo WhatsApp bidez idatzita: 688 780 356.
Datorren astean, zita bikoitza jarri dute Uda Kulturalarekin: ostegunean Vademekum kale ikuskizuna, 19:30etan; eta larunbatean Green Book pelikula, 22:00etan plazan. Horretarako ere, aldez aurretik eman beharko da izena.