Lau bertsolariren errimek emango diete hasiera gaur arratsaldean, Ereñotzuko aurreneko Uda Kulturalari

Kronika - Erredakzioa 2020ko uzt. 2a, 00:00
Maialen Lujanbio kantuan, iazko San Antonio jaietako bertso saioan.

Arratsaldeko 19:30etan hasita, bertso jaialdia eskainiko dute Eli Pagolak, Maialen Lujanbiok, Amets Arzallusek eta Unai Iturriagak. Bertan egoteko, izena eman behar da aldez aurretik, 688 780 356 telefonora deituta edo idatzita.

Urte berezia ari da izaten aurtengoa, Koronabirusaren pandemiaren eraginez. Festarik ez da izan orain arte, ezagutzen ditugun moduan; eta datozen asteotakoak ere bertan behera geratu dira, Urumea bailaran. Baina horren trukean, tarteka ekintza kulturalak antolatzen ari dira, bailarako herrietan.
Hala egin dute Ereñotzun ere. San Antonio jairik ez, baina aurreratu zuen Olak Auzo Elkarteak, izango zela zerekin gozatu udaran. Eta aurrenekoz, Uda Kulturala antolatu dute, sei emanaldirekin.
Gaur bertan hasiko da, bertso jaialdi batekin. Arratsaldeko 19:30etan jarri dute hitzordua, Ereñotzuko plazan; eta taula gainera igoko dira lau bertsolari: Eli Pagola ereñotzuarra, Maialen Lujanbio hernaniarra, Amets Arzallus eta Unai Iturriaga.
Bertso saioaz gozatzeko, hori bai, beharrezkoa da aldez aurretik izena ematea, aforoa mugatua izango baita. Horretarako, 688 780 356 telefonora deitzea, edo WhatsAppetik idaztea telefono horretara bertara.

En Tol Sarmientoren kontzertua bihar, sala digitalean
Bihar bertan izango da bigarren emanaldia ere: En Tol Sarmiento taldearen kontzertua izango da, Naizek antolatutakoa; baina modu digitalean ikusteko aukera izango dute auzotarrek. Pantaila bat jarriko dute plazan, eta bertan ikusi ahal izango dute kontzertua, 22:00etan hasita.
Horretarako ere, izena eman behar da aldez aurretik telefonoz deituta edo WhatsAppez, zenbaki berean: 688 780 356.
Hurrengoa zita, uztailaren 11n, zinea aire librean: Small foot jarriko dute, 22:00etan.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!