Uda kulturala

Kale ikuskizunak, antzerkia, zinea eta bertso saioa izango dira Ereñotzuko Uda Kulturalean, uztailean

Kronika - Erredakzioa 2020ko eka. 28a, 00:00
Emanaldi bakoitzeko izen emateak emanaldia baino astebete lehenago hasiko dira.

Uda Kulturala antolatu du Olak Auzo Elkarteak Ereñotzun, eta kultur ekitaldiak egingo dira uztailean zehar. Antolatu dituzten sei saioetara joateko izena eman beharko da, eta aforo mugatua egongo da emanaldi guztietan.

Datorren ostegunetik hasita ez da aspertzeko unerik izango Ereñotzun. Uda Kulturalak askorako emango du, izan ere, uztaila amaierara arte musika emanaldiak, zinea, kale ikuskizunak, bertso saioak eta antzerkia antolatu dituzte auzotarrek. Sei saio izango dira guztira, eta plazan egingo dira.  
 
Hamaika egiteko izango dira, uztaila osoan zehar
Udari hasiera ezinhobea emango diote Ereñotzukoek, eta bertso saioak irekiko du Olak Auzo Elkarteak antolatutako egitaraua. 19:30etan hasiko dira bertsotan Maialen Lujanbio, Amets Arzallus, Eli Pagola eta Unai Iturriaga. Antolatu duten lehenengo saioa izango da ostegunekoa, eta ekitaldi guztien moduan, auzoko plazan izango da.

Ostiralean gaueko plangintza izango dute. Hain zuzen, 22:00etan En Tol Sarmiento musika taldeak jarriko dio duinua udako gauari.

Uda kulturalaren hirugarren plana zinea izango da, uztailaren 11n. Small foot pelikula ikusteko aukera izango dute bertaratzen direnek eta antolatzaileek aire librean egitea erabaki dute, kultur ekitaldiarekin batera udako gau giroaz gozatu ahal izateko. 

Kale ikuskizunak emango dio jarraipena uztaileko kultur plangintzari, uztailaren 16an. Debote Enbote konpainiak Vademeku aurkezetuko du, arratsaldeko 19:30etan Ereñotzuko plazan, baita ere. 

Uztailaren 18an zinearen bigarren txanda izango da. Oraingo honetan ere aire librean izango da, gaueko 22:00etan. Green Book pelikula jarriko dute, 12 urtetik gorakoentzat.

Antolatu duten azken emalandia Zoaz pake santuan antzerkia da, uztailaren 23rako. Begoña Bilbaoren zuzendaritzapean, Mikel Laskurain eta Ane Gabarainek aurkeztuko dute obra. Entretenitzeko eta barre egiteko tartea izango dute auzotarrek, 19:30etatik aurrera, bikote harremanetan gertatutako gorabehera barregarriekin.

Zenbait ohar, emanaldietara joan ahal izateko
Aforo mugatua da saio guztietan eta horregatik, antolatzaileak jakinarazi dute beharrezkoa izango dela aldez aurretik izena ematea, 688780356 telefonora deituz edo WhatsApp bitartez.  

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!