Nola esango zenuke aldatu duela Covid-19ak Ereñotzuko egunerokoa?
Beste lekuetan bezala hemen ere aldaketa nabaria da. Hasiera batean, aldaketa oso nabarmena izan zen, hainbat eremu itxi beharra sortu zen; jolas parkeak, frontoia, eskolako patioa, futbol zelaia, taberna… Itxialdi garaian, etxetik atera ezin hori, gogorra egin zen, orain, normaltasun berrirako bidean, kalean berriro harremantzen hasi garela esan daiteke.
Nola eraman du Ereñotzuk konfinamendua?
Esango nuke auzotarrek arduraz jokatu dutela itxialdi garaian. Batzuei, etxebizitza motagatik, eramangarriagoa egin zaie eta, beste batzuei, pisuetan bizi direnei eta umeak dauzkatenei adibidez, gogorragoa egin zaie.
Behin ateratzen hasteko baimena eman zutenean, Ereñotzun, Auzo Udal izatearen abantaila bat agerian geratu zen, ordu-tarteak bete beharrik ez izatearekin.
«Normaltasunaren adierazle izango da ere, eguraldi ona den egunetan Urumea ibaiaren inguruetan pilatzen den jende eta zabor kopurua»
Ari da pixkanaka itzultzen ‘normaltasunera’?
Bai, batzuentzat mantsoegi eta besteentzat azkarregi izan liteke normaltasun berrirako itzulera hau. Itxita egon diren hainbat eremu irekitzen hasiak gara, Auzo Udala astean bi egunetan arreta presentziala ematen ari da, bizilagunak elkarrekin harremantzen hasi gara berriro kalean…
Normaltasunaren adierazle izango da ere eguraldi ona den egunetan Urumea ibaiaren inguruetan pilatzen den jende eta zabor kopurua. Osasun krisialdi honen lehenengo asteetan, lasaitasun ederrean zeuden Urumea ibaiaren bazterrak eta, ikuspegi honetatik, errealitate gordina itzuli da.
Udaletik, ze neurri hartu behar izan dituzue?
Hasiera batean, eremu ezberdinak ixteko erabakiak hartu behar izan ziren; Auzo Udalaren eraikina bera, jolas-parkeak, frontoia, futbol zelai ingurua…
Ereñotzuko biztanleek bete beharreko ordutegiak zeintzuk ziren argitzen ere buru-hauste dexente eman zigun.
Hernaniko udalarekin elkarlanean, espazio publikoko elementu ezberdinen garbiketan ahalegin berezia egin da.
Auzotarrei fase ezberdinen gaineko informazioa zabaltzea ere beharrezkoa izan da, nahasmena nagusitu baita momentu batzuetan.
Aurrekontuan eraginik izango du, gertatutako egoera honek?
Noski izango duela eta haundia gainera. Ereñotzuko urteko aurrekontuan %20-25eko diru sarrera txikiagoa izango da, zenbakitan, 80.000-100.000 eurotako eragina. Hori gutxi balitz, hainbat dirulaguntza deialdi bertan behera geratu dira, adibidez, landa-bideetara bideratutakoak; deialdi honetan 35.000 euro jasotzeko aukerak genituen.
Jaso duzue diru laguntza edo antzerako partidarik?
Ez eta jasotzeko esperantza handirik ere ez.
Orain arte, zer geratu da bertan behera, eta zer itzuli da ‘normalitatera’?
Beste udalerrietan bezala, eskolako jarduera presentziala, ikastaroak, aisirako jarduera ezberdinak, Auzo Udalaren ohiko jarduera presentziala…
Normalitaterako bidean, datorren astetik aurrera Auzo Udala egunero irekitzen hasiko gara arreta presentziala emateko, legediak baimentzen duen heinean espazio publikoak irekitzen hasiak gara (frontoia kasu), auzoko bestelako jarduerak ere normalitaterako bidean dira, taberna adibidez, eta guzti horrek auzotarren arteko harremanetan eragin positiboa dauka.
Bertan behera gelditu den horrek, nola eragiten dio Ereñotzuri?
Bertan behera geratu diren jarduera horiek eragina daukate bai etxeetako kontziliazioan, bai eta bizilagunen arteko erlazioetan ere. Guzti horrek, auzoko bizitzan eragin kaltegarria dauka.
Zein da zuen asmoa datozen hilabeteetan, Auzo Udal gisa?
Lehenik eta behin, gure asmoa ohiko jarduera berreskuratzea izango da.
Udari begira, Olak auzo elkartearekin elkarlanean, kultur ekintzak berreskuratzeko asmoa dago. Alde batetik, besteak beste hain kaltetua izan den kultur arloari bultzadatxo bat emateko, eta bestetik auzoari ere, hainbeste denbora geldirik egon ondoren, berriro bizitza emateko helburuarekin.
Eta guzti honek, zenbaterainoko inpaktu ekonomikoa izan du Ereñotzun?
Esan liteke, Auzo Udalaren diru kontuetan 140.000 euro inguruko galera bat eragingo duela krisialdi honek 2020garren urtean. Ikusi beharko da hurrengo urteetarako zer nolako eragin ekonomikoa dakarren egoera honek.
Ez nuke ahaztu nahi norbanakoengan nahiz auzoko jatetxe, sagardotegi, taberna eta enpresengan ere izango duela inpaktu ekonomikoa guzti honek.
Langabeziaren aldetik, eragin asko izan du?
Ereñotzun langabeziari dagokionez izan duen eraginaren gaineko daturik ez daukagu, baina jakitun gara, auzotar askoren kasuan, enpresetan lan karga jeitsi dela, modu batera edo bestera lan orduak murrizten ari direla. Denbora bat beharko da benetan krisialdi honek izan duen eragina ikusteko.
Nolakoa da egungo egoera orduan?
Egunerokotasuna berreskuratzen gabiltza pixkanaka arlo guztietan, baina agerikoa da oraindik ere normalitatera heltzeko denbora luzea pasako dela. Ezjakintasun haundia dago krisi honek zer eragin utziko dituen, bai arlo ekonomikoan edo pertsonalean, eta nola jokatu beharko den...