OLAK AUZO ELKARTEA

«Urte osora zabaldu nahi ditugu ekintzak, jaietan eta udazkenean kontzentratu ordez»

Kronika - Erredakzioa 2020ko mar. 14a, 00:00
Jendetza bildu zen aurreko igandean, 2020ko aurreneko ekintzarekin: Amak taldeak kontzertua eskaini zuen, frontoian.

Aurreko asteburuan eman zien hasiera 2020ko ekintzei, Olak Auzo Elkarteak, Amak taldearen kontzertuarekin. «Guk uste baino askoz ere jende gehiago etorri zen, bete egin zen frontoia; 400 inguru izango ginen», diote elkartetik.

Martxoaren 8arekin, Emakume Langilearen Nazioarteko Eguna ospatuz, eman zien hasiera Olak Auzo Elkarteak, 2020ko ekintzei. Modurik onenean ekin zieten, gainera: Amak taldearen kontzertua antolatu zuten igande arratsaldean, eta sekulako arrakasta izan zuen. «Guk uste baino askoz ere jende gehiago etorri zen, eta bete egin zen frontoia. Aspaldi ez zen hainbeste jende bildu», azaldu dute Amaia Otxotorenak eta Lurdes Oskozek, Olak Auzo Elkarteko kideek.

«Batzuek esan digute, kontatzen aritu zirela, eta 400 lagun inguru izango ginela bertan», kontatu dute: «jendea goiz etorri zen. Ordubete lehenago parkina beteta zegoen, eta jendea dagoeneko aulkietan eserita». Diote, kanpotik etorri zela jende asko, eta ez Urumea bailarako herrietatik bakarrik: Villabonatik, Lasartetik, Oiartzundik... Jendetza erakarri zuen, Amak proiektuko laukoteak: Kristine Solano ere­ño­tzuarrak, Alaitz Telletxeak, Maixa Lizarribarrek eta Amaia Orejak. Solanok, gainera, bere ikasleak ekarri zituen, panderoa jotzera; eta haiekin batera, baita gurasoak ere.

«Auzotar guztientzat irekiak dira bilerak, baina ez da jende berria etortzen. Ea pixkanaka animatzen diren. Hori da tokia, Ereñotzun ikusi edo egin nahi dituzten ekintza horiek proposatzeko»

Kultur ekintzak urte osora zabaltzea, aurtengo asmoa

Aurreneko ekintza izan da hori, eta laster etorriko dira gehiago. Izan ere, urte osoan zehar antolatu nahi dituzte ekintzak aurten: «Auzo Elkartean, batez ere, hasten ginen biltzen San Antonio jaien aurretik, eta Udazken Kulturala baino lehen, horiek antolatzeko. Baina beti ibiltzen ginen presaka, denboraz larri, eta lotu nahi genituen ekintza guztiak ezin izaten genituen lotu». Hori aldatu nahi izan dute aurten, eta normalean bileretara joaten direnei, proposamena luzatu zieten: «urtean zehar maiztasun batekin biltzea proposatu genien, urtean zehar ekintzak antolatzeko».

Horrela, hilean bi bilera egiten dituzte: bigarren eta laugarren asteazkenean, arratsaldeko 18:15etan Auzo Etxean. «Au­zo­tar guztientzat ire­kiak dira, baina ez zaigu jende berria ani­ma­­tzen. Hori da to­kia, Ereñotzun ikusi edo egin nahi dituzten ekintza horiek pro­po­satzeko. Ea pixkanaka ani­ma­tzen diren; on­gie­torriak izan­go dira». Bes­te­­la, bileretara ez joan arren, pro­­po­samenak esker­tuko dituzte.

Amak taldearen kontzertuaren ondoren, beste ekintza bat ere antolatu nahi dute hilabete honetan bertan.

«Horrelako gauzak antola­tze­­ak, eskatzen du hilero elkar­tzea. Auzo Elkartean zuzenda­ri­tza bat dago, egon behar due­lako; baina partehartzea ire­kia da, eta bileretan jende gehia­gok hartzen du parte. Eta ekintzak antolatzen direnean, zer esanik ez. Auzo Elkartea beti izan da tresna, auzo honetan gauzak antolatzeko», azaldu dute Otxotorenak eta Oskozek.

Orain, helburua da, «dena San Antonio jaietan eta Udazken Kulturalean kontzentratu beharrean, urte guztira zabaltzea ekintzak. San Antonio jaiak berdin mantenduko dira, horretaz ez dago zalantzarik. Baina urtean zehar, udara aldean eta urte hasieran ez da gauza askorik egoten, eta garai horietan ere ekintzak izatea nahi dugu», nabarmendu dute.

 

Ohiko ekintza eta egitasmoan martxan, aurten ere

Plangintza berriarekin, beraz, urte osoan zehar izango dira tai­lerrak, hitzaldiak, pelikula eta solasaldiak, mendi irteerak... Baina ohiko ekintza eta egi­tas­moak ere, mantendu egingo di­tuzte: martxan dira adine­ko­entzako Berriketan egitasmoa, haur zaintza edota gazteentzako ostiral arratsaldetako ekintzak, eta ez dira faltako Atsolorra apirilean, udalekuak uztailean, eta Dantzari Festa, besteak beste.

«Asmoa da lehendik zeuden ekintzak mantentzea, eta ikastaro eta hitzaldiak udazkenean kontzentratu beharrean, urte osora zabaltzea. Horrek bizia emango dio auzoari»

«Asmoa da lehendik zeudenak mantentzea, eta ikastaro eta hitzaldiak udazkenean kontzentratu beharrean, urte osora zabaltzea. Horrek bizia emango dio auzoari. Auzoan eskolak indarra hartu du, erakusten du auzoa bizirik dagoela, eta horren adibide izango da, baita ere, urte osoan zehar ekintzak antolatzea. Haur gehiago daude, eta horrek eragiten du auzoa biziago egotea».

Zentzu horretan, haurrei begirakoak izaten dira ekintzetako asko: «hilean behin saiatzen gara, igande goizean elkartu eta mendi bueltaxka bat ematen, haurrekin egiteko modukoak». Asmoa daukate, baita ere, bisita gidatuarekin egiteko ibilaldiren bat, datozen hilabeteotan.

«Frontoiak ahalbidetu digu, beste dimentsio bateko kultur ekitaldiak antolatzea»

Amak taldearen kontzertua bezala, izan dira beste batzuk ere, oso arrakastatsuak, aurreko urteotan: «Xabi Solanoren kasuan, adibidez, hasieran bertigo pixka bat eman zigun, hain kontzertu potentea ekartzeak. Baina oso ondo atera zen. Eta urtero antolatzen dugu horrelakoren bat. Joan den urtean, Erlauntza antzezlanak erakarri zuen jende asko». Horrelakoak egiteko aukera, frontoia edukitzeak eman die: «lehen ez geneukan toki estali bat hainbeste jenderentzat, eta frontoiak ahalbidetu du, bes­te dimentsio bateko kultur ekitaldiak antolatzea».

Guztia antolatzeko, Ereñotzuko Auzo Udalaren dirulaguntza jasotzen du Olak Auzo Elkarteak: «urtero egiten dugu hitzarmena, eta gero, urtean egindakoaren berri eman eta kontuak aurkezten ditugu urtero, Auzo Batzarrean. Hori dena publikoa da», argitu dute Auzo Elkarteko bi kideek.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!