Auzo Udala

Futbol zelaiaren eremua behar ezberdinak asetzeko egokitzea, 2020ko asmo potoloa

Kronika - Erredakzioa 2020ko ots. 29a, 00:00
Unai Erroitzenea alkatea, Auzo Udaleko bulegoan.

Zaharkitua dagoela eta, berritu eta jarduera ezberdinetarako prestatu nahi dute. Hiru proiektu eskatu ditu Auzo Udalak, eta horien artean bat aukeratuko du, auzotarrekin. Asmoa da, «ondo joanez gero», aurten hastea lanak.

2019aren balantzea egin, eta 2020ko asmoei heltzeko asteak izan ditu joan direnak, Ereñotzuko Auzo Udalak. Eta hori guztiaren berri emateko, batzarra deitu zuten orain bi aste, auzotar guztiak gonbidatuta.

Behin ereñotzuarrak jakinaren gainean jarrita, Kronikari azaldu dizkio egindakoak eta asmo berriak, Unai Erroitzenea alkateak.

Denda prestatzeko lanak, eta bide zein lokaletan konponketa zein hobekuntzak, 2019an

727.430,18 euroko aurrekontua izan zuen Auzo Udalak, 2019an. Ohi bezala, Hernaniko Udaletik zetorkion aurrekontua izan zen zatirik haundiena, 419.871 euro (Foru Arauak emandako formulatik kalkulatzen da, Hernaniko Udalaren gastu partiden proportzionala). Eta gainerakoa, 2018tik zetorren gerakinak (219.085,96 euro), tasek eta Eusko Jaurlaritzak bi egitasmotarako emandako dirulaguntzek (84.473,22 euro) osatu zuten.

Aurrekontu horretan, inbertsioetarako 122.000 euro zeuzkan jasota Auzo Uda­lak, baina gerakinarekin eta dirulaguntzekin, 220.891,42 euro inbertitu ditu azkenean. Horrela, hasteko, Epeleko Torreko bidea asfaltatu zuten (20.109 euro), Hernanitik Ereñotzura bidean Epelera aurreneko sarrera dena: «berez pribatua da, baina erabilera publikokoa izan da beti. Jabeekin hitzarmena egin genuen, eta hormigoizko bidea izorratu xamar zegoela eta, asfaltatu egin genuen. Orain, pendiente daukagu argiteria jartzea, eta 2020an egingo dugu».

Iturraldeko bidean ere egin zituzten konponketak (9.866 eu­ro). Izan ere, 2018ko lurjausiaren ondoren, Hernaniko Udalak hartu zuen bere gain konponketa, baina akatsen bat izan zen obran, eta kurba batean petrila jarri zutela eta, Iturraldera zijoazen hornitzaileek, kamionetek, ezin zuten maniobratu. Hori konpontzeko, kurbaren bukaeran zabalgune bat egin du Auzo Udalak, bere gain hartuta.

Larre Gaingo bidean ere egin dute lanik, babes hesiak jarrita (5.425 euro), zonalde batzuetan bidea zabaltzeko lanak egin ondoren, «nahiko expuesto» geratu zelako toki batzuetan.

Eta Aparraingo bidean ere egin zituzten asfaltatze lanak (61.748 euro), 2016an egindakoari segida eman eta zati osoa bukatzeko. Piko­e­txeberritik hurrengo baserri­ra doan zatia da, asfaltatu dutena: «dirulaguntza eskatu genuen horretarako, baina ez ziguten eman. Inbertsio haundia izan da, baina marjina bageneukanez, egitea erabaki dugu». Buka­tu berri dituzte lanak.

Oinezko bide batean ere izan da berrikuntzarik: Ereñotzutik Fagollagara doan atzeko bidean, bi banku eta seinaleak jarri dituzte (1.212,42 euro).
Baina bideetan ez ezik, eraikin eta lokaletan ere izan dira obrak. Batetik, Txirrita eskolan, haur eskolako lurra aldatu dute: «parket moduko bat jarri da, goxoagoa izateko». Eta margoketa lanak ere egin dituzte. Guztira, 13.244 euro izan dira. Bestetik, futbol zelaiaren ondoan Auzo Udalak erosi zuen lokala txukuntzeko lanei ekin diete, bertan materiala gordetzeko (9.596 euro). Aurreko astean hasi ziren lanak, baina 2019ko aurrekontuan daude jasota.
Eta azkenik, iazko inbertsio nagusia dendakoa izan zen: lokala berritu eta egokitzeko lanak egin (74.294 euro) eta ekipamendua erostea (25.397 euro). «Proiektu garrantzitsua izan da Auzo Udalarentzat. Obra egitea, eta kamara, altzari eta apalak erostea, dena hartu du bere gain Auzo Udalak; ia 100.000 euro».


Ohiko jarduera eta dirulaguntzek, segida

Ezohiko inbertsio horietatik ha­­rago, segida eman die Auzo Uda­lak, ohiko ekintza zein jar­due­rei, eta ematen dituen dirula­gun­tzei. Eta 2019an bezala, 2020an ere mantenduko dira denak.

Horrela, ez dira faltako Ar­tetik taldeak astearte arratsal­dero eskainitako ikasta­ro­ak, Atsolorra, eta Olak Auzo Elkarteak bideratzen dituen ekin­tza eta zerbitzuak: San Anto­nio jaiak, Udazken Kulturala, mendi ibilaldiak, ikastaroak, uztaileko kontzertuak Irrintzi tabernan, Berriketan egitasmoa, haur zaintza zerbitzua, Gazte Txokoa, udalekuak... Hori guztia aurrera eramateko, 30.000 eu­roko dirulaguntza jaso zuen Olak Auzo Elkarteak 2019an, eta man­tendu egingo da aurten.

Ohiko aurrekontua, %5,5 txikiagoa 2020an

Egitasmoek eta dirulaguntzek bezala, ez dute aldaketa nabar­menik izango 2020rako Auzo Udalaren kontuek. Dena den, jai­tsi egin da ohiko aurrekontua, Her­naniko Udaletik jasotzen duena, Udalaren aurrekontua ere jaitsi egin delako, bereziki in­bertsioen partidan. Zehazki, 396.907 eurokoa da ohiko aurre­kontu hori, 2019an baino %5,5 txikiagoa.

Aurrekontua guztira zenba­te­koa izango den, ordea, oraindik ez dakite: «kontuhartzaileak martxoaren erdialdera itxiko ditu 2019ko kontuak, eta orduan jakingo dugu zenbatekoa den gerakina. Aurreikusi dugu, iaz­koaren antzekoa izango dela. Eta dirulaguntzak ere, eska­tze­ko asmoa daukagu, pare bat egi­tasmotarako behintzat», azaldu du Unai Erroitzeneak.


«Enpresa bat kontratatu dugu hiru proposamen lantzeko, futbol zelaiaren eremuan zer egin erabakitzeko»

Inbertsioetarako, 102.000 euroko partida jaso dute ohiko aurre­kontuan, baina gerakinaren eta dirulaguntzen arabera, marjen haundiagoa izango dute, aurre­i­kusitako lanak aurrera erama­teko. Horien artean dago Epeleko Torreko bideko argiteria jartzea, eta herri bideetan konponketak egitea, asfaltatuta bai baina ego­e­ra kax­karragoan daudenetan.

Aurtengo nobedadea eta in­bertsio potoloena, ordea, izango da futbol zelaiaren eremua be­rritzea, eta jarduera eta behar ezberdinetarako prestatu eta egokitzea. «Zaharkituta eta era­bat erabileratik kanpo geratu zaigu, auzotar guztiak frontoia­ren inguruan elkartzen baitira orain. Eta segurtasunaren ikus­pegitik ere ez dago ondo; sareak eta posteak erdoilduta daude. Buelta bat eman nahi diogu, eta horretarako, azterketa bat eskatu genuen. Baina gehiago zegoen bideratuta, irudi­katzera zer izan behar zuen eremu horrek, eta guk zerbait bi­­sua­lagoa nahi genuen. Horre­­gatik, urte bukaeran, enpresa bati eskatu genion exekuzio proiektu bat egitea: hiru propo­samen aur­­keztu ditzala eremu horreta­rako, aurre­ko azterketan atera­tako beharrak kontuan hartuz».
Hiru horietatik bat aukera­tuko du Auzo Udalak, auzota­­rrekin batera, egingo duten ba­­tzar batean. Bertan ase daitez­keen beharren artean, aipatu dira helduak oinez ibiltzeko zir­kui­turen bat egitea, ariketa fisikoa egiteko makinak jartzea, noizean behin aparkaleku be­zala ere erabiltzen da, kirol eki­­taldi batzuetarako ere bai... «Hortik zer aterako den ez dakigu, baina behin erabakita, as­moa da 2020an egiten hastea, gau­zak ondo joanez gero», au­rre­­ratu du alkateak.

Eta lanei dagokienez, presa­ren eta zentralaren pendiente ere egongo dira: «presa botako da, baina guri kanal bat gera­tuko zaigu, auzoa eta ibaiaren arteko komunikazioa eteten duena. Geratuko zaigu herentzia bat, arazo foko izaten dena, zi­kinkeria pilatzen delako, bes­te­ak beste. Beraz, prozesuan zehar gainean egon beharko dugu, auzoarentzat probetxuzko zerbait lortzeko. Hernaniko eta Errenteriako udalekin hizketan ari gara, eta gu esfortzu bat egiteko prest gaude, baina aprobetxatu beharko ditugu si­ner­­giak. Adibidez, oinezko bide bilakatu dezakegu, presatik zen­­traleraino, edo auskalo». 
Zen­­tra­­laren kasuan ere, iku­si behar­ko dute «zer egin dai­te­keen. Oso egoera txarrean da­go, sare batekin inguratuta, eta noize­an behin teilatu zatiak eror­tzen dira...».

'Burbunak eta Etsayak' liburua argitaratzeko, partida

Beste egitasmo berezi bat ere badauka Auzo Uda­lak esku arte­an, 2020rako. Izan ere, Burbunak eta Etsayak libu­rua argi­taratuko du, 2015eko do­kumentalaren il­dotik, bertako natura eta ahoz­ko ondareari buruz: «Eñaut Agirre, Iñaki Sanz-Azkue eta kon­paini­ak, doku­mentala egiteko, in­for­mazio pila bat jaso zuten, argi­­­ta­ra atera ez zena, eta pena ema­ten die hori galtzeak. Horregatik, liburua argitaratu nahi dute. Hitzarmena egingo dugu aurten; Dobera arduratuko da lanketaz, eta Auzo Udalak hartuko du bere gain argitalpena»

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!