«Bozina jotzen al duzu?» galdetu dio ereñotzuar batek Igor Gastesiri, Sulabe enpresako okinari. Berak buruarekin baietz, eta bata belzdun emakumeak, harrituta, «mutil, ba ez dut entzun» erantzun dio.
Eguneroko hotsa da bozina Ereñotzu eta inguruetan. Ogia, ardoa, fruta edota arraina erosteko aukera dutela jakinarazteko tresna da han. Duela urte asko, herri eta auzo askotan gertatzen zen bezala, Ereñotzutik egunero pasatzen dira etxez etxeko saltzaileak gaur egun.
5 saltzaile ibiltzen dira Ereñotzun barrena, guztira
«Egunero erosi daiteke ogia, astearte eta ostiraletan arrain saltzailea etortzen da, eta larunbatetan, etortzen dira denetarik saltzen duena astero, eta ardo saltzailea, 2 astean behin». Buruz kontatzen du Ereñotzuko bizilagun batek egunez eguneko egutegia. Beti berdina da, eta ereñotzuarrak ohituta daude. «Gainera, oso produktu ona ekartzen dute», dio ereñotzuarrak harrotasun haundiz.
Bost saltzaile daude guztira, eta aski ezagunak dira bertan. Duela hamabost egun arte, beste fruta-saltzaile bat ere pasatzen zen bertatik, baina utzi egin duela jakinarazi du: «egia esan badakit ez zuela fruta asko saltzen», onartu du bizilagunak.
Jose Manuel Rodriguez: «ez dut irabazirik ateratzen, baina nik jendearengatik jarraitzen dut. Urte asko daramazkit, eta jendea oso atsegina da».
Urumean barrena, saltzaile gehienak
Urumeako inguruetan egiten dute lana, normalean. Bertatik ibiltzen diren okinak Hernanitik doaz, bata, aurretik Hernaniko panifikadora izandako Sulabe enpresatik, eta bestea, Bikainetik. Ardo saltzaileak Eziago poligonoan du almazena, Viguissa edariak enpresarena. Eta denetarik saltzen duena eta Juantxo arrain saltzailea Nafarroatik dijoaz.
Batzuentzat, galtzen ari da; beste batzuentzat, inoiz ez da galduko
Ereñotzun badauzka bezeroak oraindik, baina urteak pasa ahala eta bizilagunak gaztetzen dijoazen heinean, salmentetan jaitsiera nabaritu dela onartzen dute saltzaileek. Baina, lanbidea galdu egingo da ala badu etorkizunik? Galdera honi erantzun diote Igor Gastesi okinak, eta Jose Manuel Rodriguez ‘Joxe Mari’ ardo-saltzaileak.
Igor Gastesi: 7 urtez Ereñotzun ogia saltzen
Zazpi urte daramatza Igor Gastesi okinak Ereñotzun barrena ogia eta egunkariak saltzen: «zazpi urte hauetan bai ikusi dut salmenta jaitsi egin dela, batez ere, gazteak kanpoan lan egin eta herrian erosten dutelako». Horregatik, «bezeroen gehiengoa jende heldua da».
Hala ere, argi eta garbi esaten du ez duela ofizioaren bukaera denik uste: «ez dut uste galduko denik, beti egongo da herrira mugitzeko arazoak dituen norbait, eta zerbitzu hau behar duena».
Igor Gastesi: «zazpi urte hauetan bai ikusi dut salmenta jaitsi egin dela, batez ere, gazteak kanpoan lan egin eta herrian erosten dutelako».
Sagardotegietatik hasi eta Santa Barbararaino
Goizean goiz hasten du Igor Gastesik bere ibilbidea. Sulaberen egoitzatik atera, aurretik Hernaniko panifikadora zena, eta sagardotegietan banatzen du ogia. Ondoren, Goizueta eta Aranoko etxeetan egiten ditu dagozkion geldialdiak, eta handik, Ereñotzun sartzen da: «aurrena, eskolara igotzen naiz, eta ondoren, Ereñotzuko kale nagusian gelditzen naiz».
Bozina jo eta jo ibiltzen da, bizilagunek jakin dezaten bertan dela. Horrela, ogia nahi duena kalera atera besterik ez du. Asko eta asko etxeko zapatila eta batarekin, momentuan dauden bezala ateratzen dira.
Konfidantza da gakoa
Batzuei etxeko atean uzten die ogia eta egunkaria, Igorrek: «han utzi eta batzuk egunean bertan ordaintzen didate, beste batzuk astean behin, edo hilabetean». Hala ere dioenez, «horrek ez nau kezkatzen, beti ordaintzen didate eta ez dut inoiz arazorik izan. Bezeroren bati 5 xentimo falta zitzaizkion behin eta etxera bueltatu zen bila; esan zidan: ‘bakoitzari berea’». Bezeroengan «konfidantza» izatea garrantzitsua da.
Jose Manuel Rodriguez: 30 urte baino gehiagoko esperientzia
Jose Manuel Rodriguez ardo-saltzailea ‘Joxe Mari’ bezala da ezaguna ereñotzuarren artean. 32 urte egin ditu Urumea bailarako herri eta auzoetan barrena ardoa eta likoreak saltzen, Viguissa enpresaren ordezkari: «hasieran astero joaten nintzen, baina azkenaldian asko aldatu da egoera eta duela 4-5 hilabete erabaki nuen bi astero joatea, eta hala egiten dut orain».
Ardo-saltzaileak litro kopurutan hitz egiten du bere salmentez hitz egiten duenean: «lehen 400-500 litro saltzera iritsi naiz, eta orain 60-70 litro saltzen ditut bakarrik».
«Gazteek ez dute hainbeste erosten»
Ohitura kontua da arrazoia, eta hortan Jose Manuel ardo-saltzailea Igor Gastesi okinarekin ados dago: «ohiturak aldatu dira, eta gazteek ez dute hainbeste erosten. Jende heldua hiltzen dijoa; horietako asko nire betiko bezeroak, eta hori nik nabaritzen dut».
Horrez gain, dioenez kontsumitzeko ohiturak ere aldatu dira gazteen artean: «gazteek ez dute hainbeste ardo edaten, nahiago dute garagardoa».
«Ez dut irabazirik ateratzen»
Duela zenbait urte bere ibilbidea aldatu zuen Jose Manuelek: «hasieran Goizueta eta Aranora ere joaten nintzen, baina orain Aranoko soziedadea eta Ereñotzu besterik ez ditut egiten». Gainera, onartzen du: «ez dut irabazirik ateratzen; izan ere, gasolina, soldata... ordaindu behar dira. Baina nik jendearengatik jarraitzen dut. Urte asko daramazkit, eta jendea oso atsegina da». «Badakit askotan supermerkatuan erosten dutela, eta gero, betikoa naizenez, niri erosten didate», azaldu du.