2027ko aurrekontua onartu du Udalak, 20 milioi euro baino gehiagokoa

Julen Borreguero Fernandorena

Estibaliz Neira eta Xabier Urdangarin, Anuska auzoa atzean dutela.

2026koa baino %22 haundiagoa da. Ez da ohikoa urtetik urtera horrelako diferentzia egotea, baina kontuan izan behar da kiroldegia birgaitzeko partida 3 milioi euro baino gehiagokoa dela.

 

Pasa den astearteko Osoko Bilkuran onartu zituen Astigarra­gako Udalak, 2027ko aurrekon­tuak. EH Bilduren aldeko zortzi botoekin onartu zen udal gobernuaren proposamena, EAJren aurkako hiru botorekin, eta PSE-EEren abstentzioarekin (boto bat). PSEren abstentzioari dagokionez, sozialisten bi emendakin onartzearen baldintzarekin izan da: Pilotari kale hasierako hezegunea berritzea (15.000 euro), eta Amuga bezalako zerbitzua eskaintzea 18 urtetik gorakoentzat. 

Horrela, 20.608.076,33 eurokoa da aurrekontua, 2026koa baino 3.740.378,80 euro gehiago, %22 haundiagoa alegia. Azalpen bat dauka horrek, ez baita arrunta urtetik urtera horrelako aldaketa izatea aurrekontuak. Kiroldegiaren birgaitze obraren kostuak suposatzen duen inbertsioa da arrazoia, hain zuzen: 3.140.418,49 eurokoa. Bi fasetan banatuta dago obra, 18 hilabetekoa lehenengoa, eta beste 6 hilabetekoa bigarrena. Horrenbestez, guztira 2 urte iraungo ditu obrak, eta pasa den irailean hasi zenez, 2028ko irailean amaituko dela aurreikusten da. 

Xabier Urdangarin alkateak azaldu zuen bezala, Udalaren intentzioa da kiroldegiaren obrak suposatzen duen inbertsioak ez dazala ekarri herriaren beste behar batzuei ez erantzutea. Herriaren beharrak, hain zuzen, izan dituzte kontuan aurrekontuak osatzerakoan. Auzotarrekin eta udal taldeekin hainbat bilera egin ditu udal gobernuak, aurrekontua lankidetzan osatzeko eta herritarren zein herriaren beharrak ezagutzeko. Horren ondoren, urriaren 27an aurkeztu zuen aurrekontu proposamena, eta emendakinak aurkezteko epea 15 egunekoa izan zen, azaroaren 10era arte.

 

Gora egin dute gastuek, baita sarrerek ere

Gastuei erreparatuz gero, kiroldegiaren kasuaz gain, sail guztien aurrekontuak igo dira, «modu orekatu eta egokian», Udaltzaingoarena eta Gizarte Zerbitzuena izan ezik. Azken horiek ez igotzeak ere azalpena dauka. Udaltzaingoaren kasuan, pertsonal gastuen jaitsierarengatik izan da; izan ere, 2026an hiru udaltzain joan ziren Arkautera formakuntza jasotzera, eta ordezkoak kontratatu ziren Astigarragan. Beraz, Arkautera joandakoen eta ordezkoen soldatak ordaindu behar izan ditu Udalak. 2027rako ordezko udaltzainik ez da kontratatu, beraz, pertsonal gastu horiek jaitsi dira. Eta Gizarte Zerbitzuen aurrekontuari dagokionez, jaitsi da 2026an ongizate bulegoen inbertsioa (2027ko urtarrilerako prest izango dira) agertzen zelako, eta 2027an ez. Gainera, erabiltzaile kopurua ere jaitsi da.

Eta gastuek gora egin duten bezala, sarrerek ere halaxe egin dute. Foru Funtsetik jasoko duten diru sarreraren igoera aipagarria izan da, iaz baino 538.470 euro gehiago (%7 gehiago): Gipuzkoako Foru Aldundiak banatzen duen laguntza da, herriaren biztanleriaren araberakoa; Astigarraga hazi den heinean, sarreraren kopurua ere hazi da. Bestalde, zuzeneko zergetako igoeragatik eta erroldaren eguneraketarengatik 263.000 euro gehiago (%8) jasoko ditu Udalak; zeharkako zergetan erroldaren eguneraketagatik eta tasa berriagatik 268.900 euro gehiago (%86); zerbitzuen tasen igoera eta erroldaren eguneraketagatik 232.908,84 euro gehiago (%9); eta kiroldegia birgaitzeko diru-sarrerengatik 4.500.000 euroko mailegua zein dirulaguntzaren aurreikuspena, beste 500.000 eu­ro hain zuzen. 

 

Hainbat inbertsio eta ekimen aipagarri

Xabier Urdangarin alkateak hainbat ekimen eta inbertsio nabarmendu zituen 2027rako; hala nola, hirigintza eta ingurumen sailetako energia arloko energia burujabetzarako ekimena (28.000 euro); plaka fotovoltaikoak eta softwarea instalatzea (56.000 euro); argiteria berritzea poligonoetan eta landa eremuetan (65.000 euro); amiantoa kentzeko zerbitzua (30.000 euro); eta babesgune klimatikoetan berrikuntzak egitea (40.000 euro).

Bestalde, herri barruko autobus zerbitzua martxan jartzeko 265.000 euroko partida aurreikusi da; Mugi zerbitzua ezartzeko akordioak sinatzeko esperoan dago Udala. 

Eta inbertsioei dagokienez, orotara 4.124.500 euroko partida bideratu da. Pisu gehiena hartuko du kiroldegiko obrak, baina horrez gain, aipatzekoak diren beste batzuk ere badaude. Anuska auzoa hiritartzeko obrarentzat 1.000.000 euro bideratuko dira. Ludotekarako, berriz, 500.000 euro. Eta Santiomendiko hiritartze proiektuaren bigarren fasean (Plazetxetik aska aldera) inbertituko dira 600.000 euro. Azkenik, Urdangarinek nabarmendu zuen herri bideak eta bideak konpontzeko inbertituko direla 350.000 euro.

Bestalde, Astigarragako Udalak 2027rako 41 dirulaguntza izendun emango dituela aditzera eman zuen, eta deialdi askeko beste 16. Orotara 1.279.950 euro onartu dira dirulaguntzetarako, iaz baino %3,91 gehiago (48.167,76 euro gehiago). Herriko eragileei zuzendutako laguntzak dira izendunak, «gertuko tratu batetik eta aurrez aurre hitz egiten adostutakoak».

 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!