Hondakinen Prebentziorako Astearen baitan, ekintza ugari Urumean

Julen Borreguero Fernandorena

Marijo Moreno eta Susana Rodriguez protagonista, Batuzen jardunaldian.

Astigarragan bost eguneko egitaraua prestatu dute. Batuzek antolatu du jardunaldi berezia, 23rako.

Aurten ere Hondakinen Prebentziorako Asteak (European Week for Wasre Reduccion) dei egin die Europako erakundeei, «ingurumenaren aldeko apustua» egiteko. Astigarragako Udalak bate gin du ekimenarekin, hainbat ekintza antolatuz datorren astean zehar, baita Hernaniko Batuz Fundazioak ere.

Azaroaren 21etik 29ra ospatzen da astea, eta duen helburua da baliabide iraunkorrei eta hondakinen kudeaketari buruzko ekintzak sustatzea. Aurtengo edizioak gonbidantzen du nahikotasun materialari buruz hausnartzera, 'Aukera bakoitzak garrantzia du, baloratu baliabideak' lelopean. Horrela, aurtengoaren helburua da «zenbat kontsumitzen dugun hausnartzea, zer behar dugun benetan eta nola luzatu dezakegun produktuen bizitza baliabide gutxiago erabiliz».

 

Azaroaren 23tik 27ra bitartean ekintzak, Astigarragan

Horrela, astelehenean hasi eta ostiralera arte iraungo duen egitaraua prestatu du Astigarragako Udalak. Azaroaren 27an, Kontxa Etxeberria plazan 'Trakamatraka' tailerra izango da, 18:00etan, berrerabilitako materialekin musika tresnak egiteko. Eta 23tik 27ra bitartean beste bi ekintza izango dira: Astigarragako ibai eta erreketan jasotako hondakinen erakusketa, Kontxa Etxeberria plazan; eta liburu, komiki eta pelikulen gomendioen txokoa, liburutegian.

Horrez gain, «hondakinen prebentzioaren eta materia organikoen kudeaketa egokiaren aldeko apustua indartzeko», Udalak auzokonposta sustatzeko gune berriak martxan jarri nahi dituela adierazi du. Galtzaur inguruan jarri da dagoeneko lehen gunea, baina horrez gain, Portutxo inguruan beste bat jartzeko aukera ari da aztertzen Udala. 

Bestalde, Astigarragak Zero Zabor 3 aitortza jaso duela nabarmendu du Udalak, «hondakinen prebentzioaren eta kudeaketa arduratsuaren arloan egindako lanaren erakusle».

Udalak ere aditzera eman duenez, Hondakinen Prebentzio eta Kudeaketa Planaren baitan, herritarrei zuzendutako galdetegi bat zabalduko du, herritarren iritziak, ohiturak eta proposamenak ezagutzeko helburuarekin. Horrela, «hondakinen prebentzioaren arloan hartu beharreko neurriak eta etorkizuneko ekintzak hobeto» zehaztuko dituzte.

Azkenik, minigarbigune finko bat ezarriko da «laster» herrian, Tranbia ibilbidean, Erribera kulturgunearen atzealdean. Minigarbiguneak dira hondakin bereziak edota arriskutsuak gaika biltzeko prestatutako edukiontziak: «Hondakinen kudeaketa errazteaz gain, herritarrei gertuko bilketa-zerbitzua eskaintzea dute helburu, Garbigunearen zerbitzua herrira hurbilduz», adierazi dute Astigarragako Udaletik.

 

Batuzen egoitzan, jardunaldia

Batuz Gizarte Fundazioak, astelehenerako 'Bizitzeko beste modu bat' jardunaldia antolatu du, Hernaniko dendan (Latsunbe, 10) izango dena. Goizean, Amarako Politeknikoko arotzeriako ikasleak izango dira bertan. Marijo Moreno arkitektoa eta Susana Rodriguez barne-diseinatzailea izango dituzte irakasle. Haien lan egiteko modua azalduko diete ikasleei: zer hartzen duten kontuan pieza bat berreskuratzeko orduan, edota arotz batengana jotzen dutenean zer irtenbide bilatzen dituzten. Solasaldiaren ondoren, 11:10etatik 13:30etara, ikasleak lanean hasiko dira, Rodriguezekin batera, zaharberritze tailer batean: «Piezak esku hartean hartuta, arotzaren lanbideari dagozkion erabakiak hartuko dituzte», azaldu dute antolatzaileek.

Arratsaldean beste saio bat izango da Batuzen dendan. 17:30etan dendako ateak zabalduko dizkiete herritarrei: «Etxean berritze-lanak egiteko asmoa dutenek zein barne-diseinua gustuko dutenek beren etxeari beste begi batzuekin bergiratzeko ideiak aurkituko dituzte, 17:50etako solasaldian». Moreno eta Rodriguez izango dira hizlariak.

Amaitzeko, 18:15etatik 19:45etara Susana Rodriguezek gidatuko du markoak eta ispiluak zaharberritzeko tailerra.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!