Arratsalde honetan banatuko dituzte 2027ko udal egutegiko argazki lehiaketaren sariak. Erribera kulturgunean egingo dute ekitaldia, 19:00etan hasita, eta Astigarragako Udalak hiru argazki-bilduma irabazleen egileak sarituko ditu bertan.
Aurtengo edizioan, argazki solteak beharrean, argazki-bilduma osoak aurkeztu behar izan dituzte parte-hartzaileek. Hala, bakoitzak 13 argazkiko bilduma bat osatu behar izan du (azaleko argazkia eta urteko hamabi hilabeteetakoak), gai beraren inguruan. Gaia egile bakoitzak aukeratu du libreki, eta argazki guztiek Astigarragan ateratakoak izan behar zuten.
Epaimahaiak, argazkien kalitate teknikoaz gain, bildumaren batasuna, aukeratutako gaiarekiko lotura, ikuspegi-aniztasuna eta originaltasuna baloratu ditu. Hiru sari banatuko dira: 2.000 euroko lehen saria, 300 euroko bigarrena eta 150 euroko hirugarrena.