Hiri barruko autobusaren inguruko xehetasunen berri eman zuen Astigarragako Udalak pasa den astelehenean, udaletxeko areto nagusian egin zen saio irekian. Proposamena aurkezteaz gain, herritarren ekarpenak ere jaso ziren saio horretan.
Horrela, Udalaren proposamena da minibus moduko ibilgailua izatea hiri barruko autobusa, 8 eta 10,5 metro artean neurtuko dituena. Lineak, bestalde, bi izango dira, bat laburra eta bestea luzea. Laburrak, ordu erdiko buelta egingo du, DBHko eraikina izango den zonaldetik hasita, herrigunetik eta Ergobiatik pasata, eta Santiomendiraino joanda. Luzeak ibilbide bera egingo du, baina Perurenaraino igoko da.
Eskainiko den zerbitzu arruntaren ordutegia izango da goizeko 07:30etatik gaueko 22:00etara (lanegunetan bakarrik); baina abuztuan ez da zerbitzurik izango, eta uztailean goizez soilik eskainiko da, 07:30etatik 14:30etara, alegia. Udalak argitu du Mugi txartela erabiliko dela autobuseko bidaiak ordaintzeko.
Azaldu dutenez, ibilbidea eta geltokiak zehazterakoan, kontuan hartu dira gaur egungo beharrak zein epe laburrean martxan izango diren azpiegitura eta gune berriak: DBHko ikastetxea, osasun zentro berria, aldiriko tren geltoki berria edota Aiotzategiko adinekoen gune berria, besteak beste.
Horrez gain, intermodalitatea erraztea izan dela helburua ere adierazi du Udalak; hau da, Lurraldebuseko autobusekin eta aldiriko tren zerbitzuekin lotura egitea. Horrenbestez, geltokiak izango dira Lurraldebuseko lineatako geltoki nagusietan nahiz tren geltokira joango den pasabidearen ondoan.



