Bilera irekia astelehenean udaletxean, herri barruko autobusaren inguruan hitz egiteko

Julen Borreguero Fernandorena

Aparkalekuak izango dira hizpide Astigarragan, abenduaren 14an.

Bigarren bilera bat ere egingo dute Astigarragan, abenduaren 14an, aparkalekuei buruzkoa.

Bi bilera ireki deitu ditu Astigarragako Udalak, datozen aste­eta­rako. Astelehenean bertan izango da lehenengoa, eta abenduaren 14an bestea. Etzikoan, Udalak 2027an martxan jarriko duen herri barruko autobusaren inguruko xehetasunak azalduko dizkie herritarrei; eta abendukoan, herriko aparkalekuak izango dituzte hizpide. Udaletxeko pleno aretoan 18:30etan izango dira biak ala biak, eta Udalak herritar guztiak gonbidatu ditu bi bileretan parte hartzera.

Herri barruko autobusaren nondik norakoak, etzi

2027an jarriko da martxan herri barruko autobusa Astigarragan. Orain arte, auzoetan egindako bileretan eman dira zerbitzu berri honen aurreneko azalpenak. Beraz, bilera horietara bertaratutako auzotarrek baino ez dituzte azalpenak jaso. Horrela, etziko bilera irekian azalduko zaizkie herritar guztiei proiektuaren xe­hetasunak: ibilbidea, maiztasuna eta geltokiak, besteak beste.
 

Abenduaren 14an, aparkalekuen inguruko bilera irekia

Udalak bigarren bilera ireki bat ere programatu du, abenduaren 14an, hori ere astelehenez. Adierazi duenez, aparkalekuen egoera zein den jakiteko azterketa bat egin zuen, eta dagoeneko emaitzak jaso ditu. Horrela, bigarren bilera ireki honetan, herritarrei azalduko zaizkie azterketaren ondorioak. Gainera, herritarren ekarpenak jasotzeko tartea ere izango da, «herriko aparkalekuen arazoari aurre egiteko eman daitezkeen urratsak elkarrekin aztertzeko».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!