Atzo hasi zen Astigarragako 'Egunean Behin' lehiaketa, Astinduk antolatuta

Julen Borreguero Fernandorena

Abenduaren 3an jokatuko da finala, Erribera kulturgunean.

Martxan da Astigarragako 'Egunean Behin' lehiaketa, Astindu Euskara Elkarteak antolatu duena, CodeSyntaxekin lankidetzan eta Astigarragako Udalaren babesarekin. Euskararen Nazioarteko Egunari begira antolatuko dute, eta egun horretan bertan egingo dute txapelketako finala, abenduaren 3an, alegia.

Egunean Behin tribial estiloko galdera-erantzunen joko ospetsua da. Aplikazioaren bidez, egunero hamar galdera erantzun behar dira, eta asmatutako galdera kopuruaren eta pasatako denboraren arabera, puntu kopuru jakin bat irabazten da. 

Eta Astigarragara moldatu dute joko ospetsua: «'Egunean Behin'eko ohiko partidaz gain, berariaz Astigarragarako sortutako partida jokatu ahal izango dugu astigartarrok». Horretarako, Egunean Behineko aplikazioaren barruan Astigarraga Astindu izeneko taldearekin bat egin behar da, eta ondorengo kodea sartu: 0565A5.
 

Finala, abenduaren 3an

Benetako txapelketa abenduaren 3an jokatuko da, Erribera kulturgunean izango den ekitaldi berezian. Atzo hasi zen lehiaketa berez, hau da, atzo izan zen jokatzeko aukera zegoen lehen eguna, baina abenduaren 3ra arteko egunak entrenamendu modura balioko dute. Horrela, abenduaren 3an hiru partida jokatuko dira bertaratzen direnen artean. Partida bakoitzeko irabazle bat izango da, eta irabaziko dute Errigora ekimeneko saski bana. 

Zozketak ere izango dira. datozen astetan jokatzen dutenen artean. Azaroaren 16an (datorren astelehenean) hasiko den astean jokatzen dutenen artean zozketatuko da Ikatzako 2 lagunentzako gosaria. Eta azaroaren 23ko astean jokatzen dutenen artean Olatz Salvadorren eta Garazi Esnaolaren kontzerturako sarrerak, urtarrilarren 9an izango dena. Bestalde, BADA Euskaldunon Topaguneko poltsak eta Lizeagako sagardoa ere zozketatuko dira.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!