'Las que corren / Korrikalariak' dokumentala ikusgai bihar, Astigarragako Emakumeon Etxean

Haizea Solagurenbeaskoa Alkorta

'Guatemalako emakume bat korrika, Las que corren' dokumentaleko irudian.

Behobiaren bezperatan Donostian estreinatutako dokumentalak, Guatemalako emakume indigenen korrika egin ahal izateko borrokan jartzen du fokoa. Zehazki, nola korrika egitea bera askatasun eta erresistentzia tresna bilakatu den haientzat. Behobia-Donostiaren harira etorri dira zenbait protagonista, eta bertatik bertara azalduko dituzte haien bizipenak bihar, proiekzioaren osteko solasaldian.

 

Emakumeon Etxean izango da ikusgai bihar, 18:00etan hasita, 'Las que corren/Korrikalariak' dokumentala. Guatemalako Alta Verapazen kokatzen da ikus-entzunezkoa, eta q’eqchi’ etniako emakumeak ditu protagonista. Haien testigantzek azaltzen dute nola matxismoak emakumeen gorputzak eta erabakiak kontrolatzen dituen. Izan ere, emakume indigenak bereziki etxeko lanetarako hezten dituzte eta, aldi berean, kirola egitea denbora galera bat dela erakusten diete. Horregatik, korrika egiten hasten dira errealitate hori aldatzeko. Korrika egitea agerian jartzea baita, espazioa hartzea, begiradak desafiatzea. Eta baita, protagonistek ondo azpimarratzen duten moduan, ahalduntze ekintza bat ere.

Dokumentalaren ardatz nagusietako bat Ak’Wank lasterketa da, eta horrek Behobia-Donostiarekin duen senidetzea. 2013an, martxoaren 8aren inguruan, emakumeentzako Ak'Wank lasterketa antolatu zuten. Ak’Wank, Q’eqchi hizkuntzan 'emakumeentzako izateko edo egoteko modu berri' bati egiten dio erreferentzia. Beraz, atlestimo proba bat baino gehiago da. Izan ere, lasterketak aukera eman zien emakumeei kalea hartu eta haien eskubide zein aldarrikapenak ikusgarri egiteko. Aipatzekoa da, gainera, proban emakume askok hartzen dutela parte haien eguneroko arroparekin, baita oinutsik ere, kiroleko arroparekin ez baitira eroso sentitzen. Ak’Wank ekimenak Guatemalan bezala, Donostiako probak urteak daramatza lanean emakumeen eta gizonen parte hartzea berdintasunera hurbiltzeko. Horrek eraman ditu, besteak beste, bi ekimenak senidetzera.

Hala bada, Euskal Fondoak zein Ikaika Mediak ekoitzitako eta Raúl San Román Otegik eta Alex Azkunagak zuzendutako 'Las que corren / Korrikalariak' dokumentala azaroaren 6an estreinatu zen Donostian, Behobia-Donostia lasterketaren bezperatan. Eta hain zuzen ere, lasterketan bertan parte hartu dute dokumentaleko hainbat protagonistak. Bihar izango da emanaldia Astigarragako Emakumeon Etxean, eta haur zaintza zerbitzua ere izango da, aldez aurretik eskatuta.

Emanaldiaren ondoren, gai­nera, solasaldia izango da, Be­hobia-Donostiara etorri diren hiru protagonistarekin: Dilia Co Coy, Alta Verapazeko gobernadorea; María Xol, Emakume Indigenaren Defendatzailea; eta Inocenta Macz, Demokraziarako Ekimen Zibilaren Fundazioko (Incide) koordinatzailea.

 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!