Astigarragako PSE-EEk «positibotzat» jo du Espainiako Gobernuak Astigarragako geltoki berria muntatzeko eta elektrifikatzeko lanak lizitatu izana, 2,3 milioi euroan. Patxi Suarez bozeramailearen ustez, «albiste bikaina da, erakusten duena proiektuak aurrera egiten jarraitzen duela, eta Espainiako Gobernuak azpiegitura horren garapenarekin duen konpromisoa jarduera zehatzetan islatzen dela».
Udal talde sozialistak gogorarazi du, instalazio horiek Bilbo-Gasteiz-Donostia AHTarekin lotzeko gunea izango direla, «Euskadiko trenbide komunikazioak hobetzeko eta Estatuko gainerako lekuekiko konexioa indartzeko azpiegitura estrategikoa». Zentzu horretan, azpimarratu du AHTaren garapenak apustua egiten duela «mugikortasun eredu jasangarri, eraginkor eta lehiakor baten alde, ibilgailu pribatuari alternatibak eskaintzeko eta herritarren premiekin bat datozen trenbide konexioak bultzatzeko gai dena».