Sekulako ekitaldia antolatu zuten Kizkiako kideek pasa den asteazkenean (azaroak 4), taldearen 25garren urteurrena behar zuen bezala ospatzeko. Murgia Jauregian, horrela, taldearen ibilbidea errepasatu zuten, hitzez, bertsoz eta bideo baten bidez; agurra ere dantzatu zuten, bi euskal dantzarik. Ondoren, 25 urte horietan bidelagun izandako sagardotegiek, babesleek, pertsonek eta eragileek detailetxo bat jaso zuten taldearen partetik, eskertza gisa.
Komunikabide ezberdinek ere jaso zuten eskertza hori, horien artean Kronika. Horregatik, albiste honen bitartez ere esker on hori bueltatu nahi dio Kronikak, Kizkia Taldeari. Kideek ekitaldian bertan aipatu bezala, Kronika eta Kizkia ia aldi berean jaio ziren, eta bidelagun izan dira urte guzti hauetan zehar. Eta espero dugu horrela izaten jarraitzea, beste 25, 50, edo 100 urtez.
Kizkia Taldea lagun talde batek sortu zuen. Hasieran, sagardotegietara bazkaltzera joateko ohitura hartu zuten lagun taldea zen, asteazkenetan biltzen zena. Sagardotegiei esker ona bueltatzeko, erabaki zuten txapelketa bat antolatzea, gehien gustuko zuten sagardoa sarituz. Orduztik, urtero-urtero jarraitu dute hori egiten, eta taldearen esentzia mantendu dute, asteazkenero sagardotegi batera joaten baitira bazkaltzera. Horrela kontatu zuten taldeko kideek. Bestalde, aipatutako bideoan sagardo txapelketa guztien sailkapenak eta argazkiak jaso zituzten, baita urtetan zehar taldekideek ateratako argazkiak ere.
Hitzaldi, bideo, agur eta bertso artean, barreak izan ziren protagonista, bertaratu zirenek ikusi baitzituzten haien aspaldiko argazkiak, baten batek urteen poderioz izandako aldaketa komentatuko zuten, akaso. Emozioa ere nabaria zen gonbidatuen zein Kizkia Taldeko kideen artean, 25 urte horietan zehar bizitakoa gogoratzerakoan. Argazki zaharrak, denboraren jarioa, jada taldearen parte ez direnak gogoratzea... Ez hunkitzea zaila izan ohi da horrelakoetan.
Baina ekitaldia, 25 urtetan zehar bizitakoa gogora ekartzeko izateaz gain, urtebetetze berezi bat ospatzeko helburuarekin antolatu zuten. Horrela, ekitaldia borobiltzeko, ez zen falta izan jan-edanik eta ospakizun girorik. Askorentzat, ziur izan zela goizeko momenturik gustokoena. Sagardoa, ardoa, garagardoa, ura, gildak eta bestelako pintxoak dastatzeko aukera izan zen, eta giro polita sortu zen.
Kizkia Taldeko kideek, hori bai, ez zuten Murgia Jauregiko luntxean amaitu ospakizuna. Asteazkenero lez, sagardotegi batera joan ziren bazkaltzera, Petritegira zehazki, eta ekitaldira bertaratu zirenak gonbidatu zituzten bazkaltzera ere, edo sobremesara, hori bakoitzaren eskutan utzi zuten...