Zaila da horretarako eperik zehaztea, baina 4-5 urteko epean 365 etxebizitza berri eraiki edo bideratzeko moduan izango dira Astigarragan, Udalak, lurjabeek eta promotoreek adostutako lau hirigintza hitzarmenen bitartez. Azkenekoari, Mendiaundi-Anibarkoari, joan den asteko plenoan eman zioten onarpena; eta horren arabera, 178 etxebizitza berri inguru eraikiko dira DBHko institutua izango denaren segidan, Zapiain sagardotegiaren eta Lizardi loredendaren pareko eremuan. Kasu horretan, etxebizitza babestuak izango dira gehien-gehienak, eta frontoi profesional bat egitea ere aurreikusi da, lursail horren zati haundi bat Udalarena delako.
Beste hirurak uztaileko plenoan onartu zituzten. Horien artean Ergobikoa da nabarmenena, 40 etxebizitza babestu eta 54 libre izango dituena. Txalaka pasealekuaren hasieran sortuko dute eremu berria, orain lantegiak dauden gunean, errepidearen bi aldeetara. Plaza berri bat eta gune estali bat ere aurreikusi dituzte bertan.
Txikiagoak dira beste bi eremuak. Bata, mojen komentua dagoen tokian, denera 54 etxebizitza eraikitzeko. Eta bestea Arrobitxulon, Arangoya Ardoaken eraikina dagoen eremuan, 40 bat etxebitzitza egiteko.
Horrela, denera 365 etxebizitza egingo dira, eta horietatik 116 izango dira alokairu sozialera bideratutakoak. Babes ofizialeko etxebizitzak izango dira beste 46, tasatuak 56, eta salmenta librekoak 147 etxebizitza. Horiekin batera, gutxienez 259 aparkaleku ere egingo dira eremu horietan, denak ere lur azpian.
Plan Orokorraren hasierako onarpena, abenduan
Onartutako lau hitzarmenak, bere horretan txertatuko dituzte Plan Orokor berrian; eta hori behin betiko onartu ondoren, 2-3 urteko epean bideratu ahal izango dira etxebizitzak. Izan ere, azkeneko urtebetean egin duten lanketarekin, lanak aurreratu dituzte, eta Plan Orokorra onartu bezain pronto hasi ahal izango dira jabeak etxebizitzak eraikitzeko proiektuak eta hiritartze proiektuak aurkezteko lanean, plan berezirik egin beharrik izan gabe. Akordio hauekin, gainera, Udalak ziurtatu ahal izan du etxebizitza horiek eraiki egingo direla.
Edonola ere, prozesuak denbora pixka bat eskatuko du oraindik. Printzipioz abenduan emango diote hasierako onarpena Plan Orokorrari, Lurralde Batzordean; baina horren ondoren, erakunde ezberdinetako tramiteen eta alegazio epeen artean, urte eta erdi pasa daiteke behin betiko onarpena eman arte.
LAU EREMUEN PLANOAK ETA EZAUGARRIAK
MENDIAUNDI-ANIBAR
ZAPIAN SAGARDOTEGIAREN PAREAN, INSTITUTUA IZANGO DENAREN SEGIDAN (31.660 m²)
138 etxebizitza babestu
56 alokairu sozialerako, 46 babes ofizialeko etxebizitza, eta 36 tasatuak. Babestuetan, lur azpian bi solairu, solairuarte bat, eta bost solairu gorantza (gehienez 19,75 metroko altueraraino). Tasatuetan, lur azpian bi solairu, beheko solairua komertziala, eta sei solairu gorantza (gehienez 22,5 metroko altueraraino).
40 etxebizitza libre
Lur azpian bi solairu, beheko solairua komertziala, zortzi solairu gorantza, eta teilatupe bat (gehienez 28,5 metroko altueraraino).
40 aparkaleku gutxienez
Lur azpian.
Ekipamenduak
-Kirol ekipamendurako lur zatia, 1.265 metro karratukoa, frontoi estali profesionala eraikitzeko, balio anitzeko areto gisa ere funtzionatu ahal izango duena.
ERGOBI AUZOA
TXALAKA PASEALEKUAREN HASIERAN, ERREPIDEAREN BI ALDEETARA (12.108 m²)
40 etxebizitza babestu
Alokairu sozialerako 20 eta tasatuak beste 20. Lur azpian bi solairu, beheko solairua komertziala, eta lau solairu gorantza (gehienez 16,5 metroko altueraraino).
54 etxebizitza libre
Lur azpian bi solairu, beheko solairua, hiru solairu gorantza, eta teilatupe bat (gehienez 16,5 metroko altueraraino).
135 aparkaleku gutxienez
Lur azpian. Horietatik 15 prezio babestuan, ergobitarren artean zozketatzeko.
Ekipamenduak
-350 metro karratuko lokala dago aurreikusita, Udalak jasoko duen lursailean.
-375 metro karratuko gune estalia, eremu horretan sortuko den plaza berrian.
-25 metro karratuko kioskoa edo txiringitoa, ibaira begira.
-Bidegorria, Ergobiko zubirantz.
SANTIO ZEHARRA
MOJEN KOMENTUAREN LURRETAN (7.410 m²)
24 etxebizitza babestu
Denak alokairu sozialerako. Lur azpian solairu bat, beheko solairua, eta hiru solairu gorantza (19 metroko altuera).
30 etxebizitza libre
Lur azpian solairu bat, beheko solairua, eta hiru solairu gorantza (19 metroko altuera).
59 aparkaleku gutxienez
Lur azpian.
Ekipamenduak
-1.040 metro karratuko gune berde libreak, jabetza publikokoak.
ARROBITXULO
ARANGOYA ARDOAKen ERAIKINA DAGOEN EREMUAN (1.500 m²)
17 etxebizitza babestu
Denak alokairu sozialerako. Lur azpian bi solairu, beheko solairua, eta bost solairu gorantza (gehienez 20 metroko altuera).
23 etxebizitza libre
Lur azpian bi solairu, beheko solairua, eta bost solairu gorantza (gehienez 20 metroko altueraraino).
40 aparkaleku gutxienez
Lur azpian.
Ekipamenduak
-350 metro karratuko lokala eskuratuko du Udalak.



