Erbetegi-Etxeberriko dolare ikusgarria, zaharberrituta eta astigartarren eskura

Beñat Los Arcos Ayerdi

Herritarrak txunditu ditu egunotan, XIX. mendeko dolarearen tamaina ikaragarriak. Troiako poligonoan egin dituzte zaharberritze lanak, eta bertan dago ikusgai bihar bitarte, bisitatu nahi duten guztientzat.

 

Lelo bat da, izatez, 'Ondarea gure eskuetan'; aurtengo Ondarearen Europako Jardunaldiei jarri dietena. Baina lelo horixe bera praktikara eraman dute Astigarragan, non eta Troia poligonoko pabiloi batean. Ez da museo bat, baina bertan gordeta daukaten altxorraren tamainak eskatzen du espazio haundi bat, baita lanerako gune apropos bat ere.

Erbetegi-Etxeberri baserriko dolare historikoa, XIX. mendekoa, zaharberritu dute bertan, 'Dolareak' proiektuaren baitan. «Oso proiektu berezia», Sagardoetxeako Leire Alkortak nabarmendu duenez, aukera eman dielako «gure ondare historikoa eta kulturala berreskuratu, bizirik mantendu eta belaunaldi berriei transmititzeko»; ezagutarazi ahal izan dutelako urtetan Sagardoetxean gordeta izan duten ondarea; eta lankidetzan landu dutelako proiektua. Izan ere, Peio Martikorena Fundazioak sustatu zuen, Astigarragako Udalarekin lankidetzan; eta zurgintzako hiru lanbide eskolak hartu dute parte: Donostiako EASO Politeknikoa, Iruñeako Donibane eta Angeluko Compagnons. Haiek zaharberritu dute dolarea, eta ezohiko modu batean garatu dute beraien formakuntza, antzinako egurra landuz eta ondarearen berreskurapenaren parte izanez. Gainera, laneko jardunetik kanpo ere izan da esperientzia berezia, Santiomendiko aterpetxean egin baitituzte egonaldiak.

Eta orain, lanaren zati haundi bat burutu dutenean, Ondarearen Europako Jardunaldiak baliatu nahi izan dituzte dolare zaharberritua herritarrei erakusteko. Aste osoan zehar egin dituzte bisita gidatuak, herritarrak eta herriko eragileak gonbidatuta; eta bihar arte izango da aukera. Horretarako, aldez aurretik eman behar da izena, honako helbidean: sagardoarenlurraldea.eus/erreserbatu. Eguerdiko 12:00etan izango da biharko bisita, doan.

 

Dolare ikusgarria, egituraz eta tamainaz

Orain arte bertaratu diren herritarrak, txundituta atera dira pabiloitik. Eskuekin ikutu ahal izan dute dolare ikusgarri bat. Ikusgarria egituraz, hiru solairutan antolatuta baitzegoen, eta idi baten trakzioz funtzionatzen zuelako; eta ikusgarria tamainaz, ikaragarri luzea delako, sagar guztia ondo estutzeko bi ardatz behar izateraino. Urteko 300 mila litro egiten zituzten.

Bere dimentsioetatik harago, dolarearen berreskurapenak balio haundia dauka Sagardoetxearentzat. «Dolareak gure iraganaren lekukoak dira. Transmititzen digute iraganeko sagardogintza, baserriko bizimodua, antzinako lanbideak... Guretzako, dolare bat montatzea, ez da egur bat bestearen gainean jartzea. Azken finean da gure iraganeko ondare bat berreskuratzea, eta bizirik mantentzea», dio Leire Alkortak.

Erbetegi-Etxeberriko dolarea 2007an atera zuten bertatik, autobidea eraikitzeko baserria bota zutenean. Sagardoetxeari eman zion Goikoetxea familiak, ondarea galdu ez zedin; eta ondo gordeta eduki dute, zaharberritu eta montatzeko aukera izan duten arte. Jatorrizkoa da egur gehiena, pipiak jana egon arren tratatu eta eraberritu dutena; baina pieza berriak ere egin dituzte, haritzez edo izeiez.

 

«Azalpenak eman aurretik ere, liluratuta geratu dira bisitariak»

Bisita gidatuek «oso harrera» ona izan dute, Sagardoetxeako Ainize Mitxelenak nabarmendu duenez: «Bisitariak liluratuta geratu dira, azalpenak ematen hasi aurretik ere. Inpresioa egiten die. Normalean ikusten ditugun dolareak txikiak izaten dira, eta hau montatuta ikustea ikaragarria da. Gainera, baserri munduarekin lotura izan dutenek, lotura hori sentitzen dute beraien familiarekin eta txikitako kontuekin».

 

Tresna bereziak ikusgai, dolarearekin batera

Dolare zaharberritua da museo tankera hartu duen pabiloiko protagonista nagusia, baina beste zientoka pieza eta elementu daude ikusgai bertan. Tresna bereziak, sagardogintzaren prozesuan erabiltzen zirenak. Karreto-barrika bat ere badago, zukua Donostiara edo inguruko beste herrietara garraiatzeko erabiltzen zutena. Kubela bat ere bai, erabili beharreko sagar kopurua neurtzeko erabiltzen zen edukiontzia: kargaka neurtzen zen, eta kubela sagarrez beteta, karga bat zen (50 kilo inguru). Bertan dago Erbetegi-Etxeberriko jatorrizko matxaka ere. Edota bukoi izeneko barrika haundia. Eta horrela, beste bitxikeria asko topatu dituzte bisitariek.

Bada azkeneko bat, kuriosoa bezain ezezaguna: makaritza landarearen (euskeraz ofizialki 'erratza') hiru sorta jarri dituzte bertan. Izan ere, funtzio garrantzitsua zeukan, egungo baliabideak izan aurretik: filtro gisa erabiltzen zen, iragazki modura, sagar puxkak pasatzea saihestu eta zukua garbi iristeko.

 

Aritz Goikoetxea: «Txikitan egur hauen gainean ibiltzen ginen jolasean, konturatu gabe zein altxor geneukan etxean»

Erbetegi-Etxeberriko semea da Aritz Goikoetxea, eta inorentzat berezia bada dolarea zaharberrituta eta montatuta ikustea, berarentzat izango da: «Sekulako oroitzapenak ekartzen dizkit burura. Txikitan egur hauen gainean ibiltzen ginen jolasean. Dolarea bera ez genuen asko erabiltzen ordurako, baina badakit aitak eta aitonak sagardoa hemen egiten zutela. Eta egia esan, orain arte ez zara konturatzen zein altxor geneukan etxean. Hantxe geneukan, eta egunerokoan hantxe izateak eragiten zuen garrantzia berezirik ez ematea. Eskerrak Sagardoetxeari, urte hauetan gorde eta berreskuratu dutela».

Horretan jarri dute azpimarra Leire Alkortak eta Ainize Mitxelenak ere, hainbat bisitarik komentatu baitiete: «Lehen ez zen baloratzen. Dolare asko egin zituzten erre edo bota; eta gaur egun altxor bat dira». 

Mantendu duten honekin, be­hintzat, lanean jarraituko du­te, guztiz zaharberritu arte. Etor­ki­zunean non izango ote den ikusgai, batek daki; baina ziur badaukatela ideiaren bat buruan, halako ondarea herritarren esku-eskura egon dadin. 

 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!