Herritarren ekarpenak jasotzeko saioak, gaur hasita Astigarragan

Julen Borreguero Fernandorena

Auzoz auzo 8 saio egingo dira gaurtik azaroaren 6ra bitartean, herritarrei Udalaren asmoak eta egitasmoak azaltzeko, 2027ko aurrekontua itxi baino lehen.

 

Gaurtik hasita eta azaroaren 6ra bitartean, Astigarragako Udalak 8 saio antolatu ditu auzoz auzo. Gauza da 2027ko aurrekontua ixten ari dela Udala, eta horren harira, saioen helburua da herritarrei ezagutaraztea aurrekontu parte-hartzaileen proiektua zein Udalaren ekimenak. 

Horrez gain, Udalaren intentzioa da herritarren ekarpenak, eskaerak eta kritikak jasotzea. Saioetara bertaratzerik ez duenak, Udalaren webgunean dagoen formularioaren bitartez egin ditzake ekarpenak. Bestalde, Ergobi, Santiomendi eta Perurena auzoetako bileretan, hurrengo urtean martxan jarriko den herri barruko autobusaren informazioa ere eskainiko da. 

 

Gaur da lehen bilera, Urumea Berri eta Arrobitxulo auzoena

Horrela, gaur bertan egingo da lehen bilera, Urumea Berri eta Arrobitxulo auzoena. Kontxa Etxeberria plazan izango da, 18:00etatik 19:00etara. Bihar Ergobikoen txanda izango da, auzoko plazatxoan, ordu berean. 

Gainontzeko saioak izango dira datorren astean: Astelehenean Santiomendikoa, Plazetxen 18:30etatik 19:30etara; asteartean Oialumekoa, auzo-biltokian 18:30-19:30 bitartean; asteazkenean Perurena auzokoa, Auzolan Pilotalekuan ordu berean; ostegunean Santiomendi ekialdeko auzokoa, Oialumeko auzo-biltokian, ordu berean; eta azkenik Erdigunekoa, ostiralean izango dena, goizean Joseba Barandiaran plazan, 11:30etatik 12:30etara eta arratsaldean Udaletxeko Plazan, 16:30etatik 17:30etara.

 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!