'Dolareak, gure ondare bizia' proiektuaren baitan, bisita gidatuak eskainiko dira aste honetan zehar, Astigarragako Sagardoetxean, Sagardoaren Lurraldeak antolatuta. Proiektu honen bidez Iparraldeko eta Hegoaldeko zurgintzako ikasleak Erbetegi-Etxeberri dolarea zaharberritzen aritu dira, eta orain ikusgai dago. Dolareaz gain, sagardogintzako beste pieza asko bildu dituzte bertan.
Bisita hauek Ondarearen Europako Jardunaldien baitan antolatu dituzte, baina astean zehar lau bisita egingo dituzte herriko kultur talde eta beste eragile batzuekin. Herritarrekin bisitak izango dira bihar eta ostegunean 18:00etan, eta etzi zein ostiralean 12:00etan.
Publikoarentzat, berriz, eskaini zuten bisita gidatua pasa den larunbatean, eta hala egingo dute honetan ere, hilaren 31an alegia, 12:00etan. Ordubeteko iraupena izango dute bisitek.