Astigarragako Zarkumendegi futbol zelaiko aparkalekua egokitzeko obrak amaitzear daudela iragarri du Udalak. Pasa den uztailaren 20an hasi zituzten lanak, eta aurreikuspenen arabera, urriaren amaiera aldera bukatuko dira. Obraren helburua da futbol zelaiko aparkalekua «behin-betiko egokitzea, datozen urtetan zehar eta ekitaldi ezberdinetarako erabili ahal izateko».
Guztira, 100 ibilgailu inguru aparkatzeko tokia ahalbidetuko da, eta horrekin batera, bidegorriaren sarrera «hobetu eta seguruagoa egingo da». Bestalde Astigarragako Udaletik nabarmendu dute aparkalekuetan «lurzoru iragazkorra» erabiliko dela, belarra haztea ahalbidetzen duena. Obraren kostua, guztira eta BEZa barne, 796.005,05 eurokoa izan da.
Autoentzako eta furgonetentzako izango da aparkalekua, ekitaldi berezietan izan ezik
Auto eta furgonetentzako da aparkalekua, eta kamioien sarrera mugatzeko, jarriko dira galiboak. Autobusek, berriz, erabiliko dituzte errepide ondoko aparkalekuak. Nahiz eta printzipioz aparkalekua mugatua den autoentzako eta furgonerentzako, beheko irteerako galiboa mugikorra izango da, «ekitaldi berezietan beharrezkoa denean sarbidea egokitu ahal izateko». Trafikoa ere egokitu dute: goiko aldean jarri dute aparkalekurako sarrera, eta beheko aldean irteera, «ibilgailuen arteko gurutzaketak saihesteko».