Bost urte bete ditu aurten Astigarragako Emakumeon Etxeak, eta ekitaldi berezia prestatu dute, urteurrena behar bezala ospatzeko. Arratsalde honetan izango da, 19:30etan hasita, Emakumeon Etxean bertan.
Ospakizunaren muina izango da «esperientziak partekatzea, elkarrekin ospatzea eta disfrutatzea»; izan ere, dinamika bat prestatu dute gaurko: «Ospakizun honetan, Emakumeon Etxeak gutako bakoitzarentzat zer esan nahi duen jaso nahi dugu. Horregatik, egunean bertan, etxeko paneletan ikusgai jarriko ditugu zuek idatzitako testutxoak. Kontaiguzue zer bizi izan duzuen Emakumeon Etxean, zer eman dizuen, zer sentiarazten dizuen edota zer eskaintzen dion zuen ustez herriari. Ez du zertan testu luzea izan; nahikoa da hitz batzuk edo bizipen txiki bat partekatzea».
Bestalde, ospakizun gehienetan bezala, musikarik eta jan-edanik ez da faltako, izango baita «mokadutxo berezia gure baratzako produktuez egina».