Bueltatu da Eragiyok abesbatza astigartarraren espedizioa, Frantziako Châtel-Guyon hiritik. Bertan eskaini zuten 'Rencontres Internationales de Voix d'Hommes' jaialdiko kontzertu nagusia, pasa den asteburuan.
Etxean eskainiko dute datorren kontzertua, Erribera kulturgunean; larunbat honetan, arratsaldeko 19:00etan. Anfitrioi lanak egingo dituzte; izan ere, abesbatza astigartarrak berak antolatzen duen Ahober zikloaren baitan emango dute kontzertua, eta gonbidatu gisa hartuko dute Valladolidetik datorren B-Tenors abesbatza.
Antolatzaileek adierazi dutenez, «saioa bi taldeen estilo desberdina eta osagarria entzuteko aukera paregabea izango da». Hasiera ematearen ardura izango du anfitrioi izango den Eragiyokek. Jarraian, «arratsaldeko protagonista nagusia» izango den B-Tenors taldearen txanda izango da, Saray Pradosen zuzendaritzapean. Eta ohikoa den moduan, bukaeran bi taldeak batera igoko dira oholtzara.
Doakoa da sarrera, eta gonbidapenak eskuragarri daude Astigarragako Udalaren webgunean eta Erriberan bertan.