Bost urte bete ditu aurten Emakumeon Etxeak, eta ekitaldi berezia prestatu dute hori ospatzeko

Julen Borreguero Fernandorena

Behar bezala ospatu zuten 2021ean, Emakumeon Etxearen irekiera.

Musika eta mokadutxoa izango dira protagonista urriaren 23ko arratsaldeko 19:30etatik aurrera, Emakumeon Etxean.

 

Bost urteko ibilbidea egina dutela ospatuko dute Astigarragako Emakumeon Etxean, urriaren 23an. Arratsalde berezia prestatu dute horretarako: 19:30etatik aurrera, izango da Emakumeon Etxean bertan musikaz eta jan-edanaz (mokadutxo berezia izango da, Emakumeon Etxearen baratzeko produktuekin egina) disfrutatzeko aukera. Giro ona ziurtatuta dago. 

Helburua, adierazi dutenez, argi daukate: «Elkarrekin ospatzea, gozatzea eta gure esperientziak partekatzea». Horrela, Emakumeon Etxetik gonbidatu dituzte herritarrak haien bizipenak kontatuz testutxo bat bidaltzera: «Kontaiguzue zer bizi izan duzuen Emakumeon Etxean, zer eman dizuen, zer sentiarazten dizuen, edota zer eskaintzen dion zuen ustez herriari. Ez du zertan testu luzea izan, nahikoa da hitz batzuk edo bizipen txiki bat partekatzea». 

Testuak urriaren 23an jarriko dituzte ikusgai etxeko paneletan, eta egunean bertan joaterik ez duenak aukera du testua etxean idazteko eta beste momentu batean eramateko. Hori ere jarriko lukete paneletan.

Azkenik, Emakumeon Etxetik eskatu diete bertaratzeko intentzioa dutenei haien asistentzia konfirmatzeko, kontakturako dituen aukera ezberdinen bitartez: emakumeonetxea.astigarraga@gmail.com helbide elektronikoan, 648 41 71 57 telefonoan edo egoitzara bertaratuta (Kale Nagusia, 23).

 

Hitzaldia bihar goizean, Emakumeon Etxean

Bestalde, hitzaldia eskainiko du Iñurri elkarteko kidea den Olatz Mercaderrek bihar, Emakume­on Etxean, goizeko 10:00etan. 'Minbizia ikuspegi feministatik' izena du hitzaldiak, eta Mercaderrek landuko du zein ekarpen eta eragin dituen ikuspegi feministak minbiziaren bizipenean, zein harreman duten genero-rolek eta zaintza-sistemek minbiziarekin... Herritar guztiei zuzenduta dago, eta haur-zaintza zerbitzua ere izango da, aurretik eskatu behar zena.

 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!