Pelotari kaleko eta Kale Nagusiko bidegorriko obrak amaitu berri dituzten honetan, Astigarragako EAJk salatu du obra horiek herrigunerako sarreran eragiten ari direla «zirkulazio arazoak». Talde jeltzaleak adierazi du zirkulazioaren antolaketa berriak sarrera hori «benetako inbutu» bihurtu duela, trafikoan «kaos egoerak» sortuz eta «ibilgailuen joan-etorria zailduz, bereziki kamioien eta furgoneten kasuan». Jeltzaleek gehitu dute egoera «are gehiago larritzen» dela aparkalekuak mugatzen dituzten lerroetatik kanpora ateratzen diren ibilgailuen ondorioz, errepidea gehiago estutzen baitute, argazkian ikusten den bezala.
Horregatik, EAJk Udal Gobernuari eskatu dio «egoera lehenbailehen aztertzeko eta konponbide eraginkorrak bilatzeko, aparkalekuen antolaketa berrikusiz, zamalanak erraztuz eta ibilgailuen joan-etorri segurua nahiz oinezkoentzako ikusgarritasun egokia bermatuz». Era berean, herritarren egunerokoan eragina izan dezakeen trafiko aldaketa ororen berri «argi eta behar besteko aurrerapenarekin emateko beharra» azpimarratu du.