Dena ondobidean, azaroan bukatuko dira Umakoneko azokagune berriaren obrak, Astigarragako Udalak aurreikusi duenez. Eta lanak amaitzear diren honetan, partaidetza prozesua jarriko du martxan, gunearen erabilera eta dinamizazioa adosteko.
Tokiko nekazaritza-ekoizpenei bidea ematea da azokagunearen helburu nagusia, baina Udalak ez du mugatu nahi lehen sektoreko produktuen salmentara soilik. Aztertu nahi dituzte «tokiko artisautzarako, sorkuntza kulturalerako, eta produktuak dastatu eta erakusketako aukerak», partaidetza prozesu honen bitartez.
Bide horretan, uztailean eta abuztuan aztertu zituzten Euskal Herriko eta inguruko antzeko azokaguneen ereduak, adibide bila. Eta orain, herritarrei, baserritarrei, tokiko merkatariei eta hainbat eragileri galdetuko diete. Horretarako, lehenik, galdetegia zabalduko dute gaur bertan, urriaren 27ra arte. Ondoren, jasotako erantzunekin, banaka zein taldeka elkarrizketak egingo dituzte, eta baita lan-saio partehartzaileak ere, azaroan zehar. Gainera, etorkizunean azokaren jarraipena egingo duen talde motorea edo sustatzailea ere sortuko dute.
Bildutako informazio, diagnosi eta proposamen guztiekin, azkenik, osatuko dute 2027an zehar azokagunea dinamizatu eta ekintzak bultzatzeko plana.
Era berean, «sentsibilizazio eta dibulgazio ekintzak» burutuko dituzte prozesuan zehar, «herritarrak proiektu berri honen parte sentitu daitezen». Izan ere, asmoa da «azokagunearen etorkizuneko helburuak, kudeaketa eta funtzionamendua herriko eragile zein herritarrekin batera eraiki eta adostea».