Artoaene harategia errelebo bila, 24 urteren ondoren

Kronika - Erredakzioa

24 urteren ostean utziko dute Artoaene, Marikarmenek, Martinek eta Jose Marik.

2002an, «euroarekin batera» erabaki zuten Martinek, Marikarmenek eta Jose Marik Pelotari kaleko 21ean dagoen Artoaene harategia martxan jartzea. Orain, 24 urteren ondoren, eta bezeroekin familia bat osatu ondoren, agur esateko momentua iritsi zaie, jubilatu egingo baitira. 

Halere, harategiak bere horretan jarraitzea gustatuko litzaieke: «Nahi genuke harategia norbaiten eskutan utzi. Horretarako, norbait beharko genuke, lanerako gogoarekin eta ilusioarekin». Horrela, harategia «dagoen bezalaxe» utziko diote datorrenari, argi utziz negozioa martxan eta guztiz ekipatuta dagoela, eta jarduerarekin jarraitzeko makineria guztiarekin eta ohiko bezeroekin eskualdatzen dela.

Gainera, «aurreneko arrankada horretan» laguntzeko prest azaldu dira, hornitzaileak zein bezeroak aurkezteko, baita edozein zalantza argitzeko eta eskuragarri egon daitezkeen dirulaguntzei buruzko informazioa eta orientazioa eskaintzeko ere: «Gure eskuak zabalik daude». 

Negozioak herrian duen presentzia ere nabarmendu dute, «pixkanaka-pixkanaka haundituz» joan dena. Gaur egun, «ospe haundia» duela adierazi dute. Era berean, bezeroekin duten gertutasuna azpimarratu dute: «Bezeroak gure lagunak dira, haiekin dugun tratua familiarra da. Elkar ezagutzen dugu, etortzen direnean elkarrizketak izaten ditugu, etxeko kontuez hitz egiten dugu». Tratu horren barruan, harategian erosteak bezeroarentzat onurak ekartzen dituela gehitu dute: «Produktuaren kalitatea bermatzeaz gain, aholkularitza eskaintzen diegu. Adibidez, afari bat antolatu nahi dutenean, segun eta zenbat pertsonak afalduko duten, eraman beharreko haragi kopurua gomendatzen diegu».

 

 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!