Felix Zusberro EAJren alkategai, 2027ko udal hauteskundeetarako

Julen Borreguero Fernandorena

Felix Zusberro Alberdi alkategaia.

Erretiroa hartu du, baina «Astigarragaren alde egiteko energia eta ilusioa» geratzen zaizkio.

 

Astigarragako EAJtik iragarri dutenez, Felix Zusberro Alberdi astigartarra izango da alderdi jeltzalearen alkategaia, 2027ko udal hauteskundeetan. Diotenez, «gertutasunean eta erantzukizunean oinarritako proiketua» burutzea du helburu, herritarren «bizi-kalitatea hobetzea ardatz hartuta».

Garraioaren eta logistikaren sektoreari lotutako ibilbide profesionala izan du, eta duela gutxi hartu du erretiroa. Halere, «Astigarragaren alde lan egiteko nahikoa energia eta ilusio» duela dio hautagaiak: «Astigarraga nire bizitza da, eta uste dut iritsi dela beste ardura batetik nire herriaren alde lan egiteko pausoa emateko unea. Herriak aldaketa behar du, eta erronka honi ilusioz, konpromisoz eta gertutasunez aurre egiteko prest nago».

Zusberroren iritziz, «EH Bilduk inertzia kezkagarriekin eta aldebakarreko jarrerarekin gobernatzen du», eta dinamika horri aurre egiteko, «kalean egongo naiz, auzokideen arazoak, kezkak eta proposamenak entzuten. Astigartarrek gertuko alkate bat dutela sentitzea nahi dut». Bestalde, hautagaiak adierazi du «Astigarraga dinamikoago bat» bilatu nahi duela, «herritarrentzako zerbitzu gehiagorekin».

Helburu horrekin, datozen hilabeteetan EAJk «entzute eta parte-hartze dinamika berri bat» jarriko du martxan: Zusberrok herriko kaleak zeharkatuko ditu, herritarrekin eta eragileekin bilerak eginez, «herriaren beharrak ezagutzeko eta etorkizuneko proiektua eraikitzen lagunduko duten proposamenak jasotzeko».

 

 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!