Amaitu dituzte, Pelotari kaleko eta Kale Nagusiko bidegorriaren obrak

Julen Borreguero Fernandorena

Astigarragako Kale Nagusia, behin obrak amaituta.

Horrela, herrigunean «oinezkoentzako eta txirrindularientzako espazio seguruagoak irabazi dira». 

 

Amaitu dituzte Astigarragako Pelotari kaleko eta Kale Nagusiko bidegorriaren obrak. Udaletik diotenez, azken urteetan burututako jarduketa hauen bidez, «herritarren egunerokoan eragin zuzena duten hainbat hobekuntza» egin dira: «Oinezkoentzako eta txirrindularientzako espazio seguruagoak eta atseginagoak sortu dira, eta bidegorri sarea osatzeko beste urrats bat eman da. Aparkalekuak ere berrantolatu dira, eta hainbat gunetan plaza gehiago lortu dira». 

Izan ere, diote bidegorria ezarri eta espaloia zabaldu direla, «ia aparkalekurik galdu gabe». Bidegorri sarearen jarraipena bermatuko dela ere esan dute, eta etorkizunean DBHko ikasleek «institutura modu seguruagoan iristeko aukera» izango dutela. Halaber, Donostia ibilbideko bidegorri nagusia Zarkumendegiraino doan bidegorriarekin lotu da. 

Azken urtetako jarduketatik lortutakoaren barruan, Udalak ere nabarmendu du lortu direla aparkaleku gehiago, «herriak bazuen eta behar hori». Horrela, urte honetan egindako lanei esker, herrigunean 128 aparkaleku izatetik pasa dira 156 izatera (28 gehiago). Hori autoen kasuan; baina horiez gain irabazi da aniztasun funtzionala duten pertsonentzako plaza bat, eta motozikletentzako beste 25. 

Atzerago jota, gainera, 2019tik 2023ra bitartean ondorengoak ere lortu ziren Astigarragan: 2019an Oialume bidean, Ergobian, 12 plaza; 2020an Donostia ibilbidean, Kutxatik Martutenerantz, 10 plaza; 2021ean Tranbia ibilbidean 18 plaza; eta 2023an Donostia ibilbidearen urbanizazioarekin, Txinguditik Kutxaraino 39 plaza.

Udalak, amaitzeko, adierazi du badakiela obra hauek eragozpenak sortu dituztela herritarrengan eta komertzioengan, batez ere «hainbat obra jarraian egin behar izan direnean». Horregatik, eskerrak eman nahi izan dizkie herritarrei eta merkatariei, izandako pazientziagatik eta jarreragatik.

 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!