Udalak erakunde publikoei eskatu die harremanak euskeraz izatea

Julen Borreguero Fernandorena

Astigarragako Udalean, diotenez, tarteka gaztelania hutsean jaso izan dute idatziren bat edo beste erakunde publiko batzuengandik. 

 

Gutuna bidali die Astigarragako Udalak erakunde publikoei, eskatzeko Udalarekin idatzizko harremana euskeraz izatea. Gutunean eskatu da, zehazki, Udalari zuzendutako komunikazioak, ofizioak, txostenak, ebazpenak, jakinarazpenak eta gainerako dokumentazioa, aurrerantzean «gutxienez euskeraz igortzeko». 

Udaletik diotenez, tarteka, gaztelania hutsean jasotzen dute idatziren bat edo beste, erakunde publiko batzuengandik; eta Euskadiko Toki Erakundeei buruzko apirilaren 7ko 2/2016 Legearen 6.1 artikuluak dioenez, «euskara Euskal Herriko berezko hizkuntza da eta, gaztelania bezala, Euskal Autonomia Erkidegoko toki-erakundeen hizkuntza ofiziala, eta, alde horretatik, erakundeon jardueretan erabilera normal eta orokorreko zerbitzu-hizkuntza eta lan-hizkuntza izango da».

Bestalde, Astigarragako Udalak 2025eko irailaren 30ean Tokiko Gobernu Batzordean onartutako hizkuntza-irizpideetan jasotzen da euskera dela «udalaren ohiko lan-hizkuntza eta administrazio-jardueraren hizkuntza nagusia». Horrela, gutuna bidali diete ondorengoei: Eusko Jaurlaritza, Gipuzkoako, Bizkaiko eta Arabako Foru Aldundiak, Usurbilgo, Hernaniko, Urnietako, Andoaingo eta Lasarte-Oriako Udalak, Lanbide, Osakidetza eta Epaitegiak.

 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!