Astiko Elkarteak ekingo dio aurten ere deskontu-bonuen kanpainari. Astigarragan tokiko kontsumoa sustatzeko helburuarekin, bederatzigarren aldia izango da aurtengoa, etzi hasiko dena (urriak 6, asteartea). Goizeko 09:00etatik erosi ahalko dira bonuak, astiko.eus atariaren bidez, eta azaroaren 2ra arte egongo dira salgai.
Aurrekoetan bezala, bonuen lehen 300 erosleek 20 euroko bonu gehigarria jasoko dute opari, «beste kategoria bateko establezimenduetan» erabili ahalko dena. Izan ere, bost kategoriatan banatu dituzte establezimenduak. Horrela, bonuak aurtengo abenduaren 31era arte izango dira erabilgarri.
Urriaren 20an, bestalde, birbanatu egingo dira saldu ez diren bonuak. Hau da, agian bonuak toki batzuetan agortuta egongo dira ordurako, baina urriaren 20tik aurrera saldu gabe daudenak bonorik gabe geratu diren establezimendu horietara banatuko dira berriro, eguerdiko 12:00etan zehazki.
Eta bonoak erabiltzeko aukera herriko 33 establezimendutan izango da. Lau bono mota ezberdin izango dira aukeran, saldoaren arabera: 10, 20, 50 edo 100 eurokoak. Azkenik, Udalak eta Astikok elkarlanean aurrera ateratako ekimena dela adierazi dute bi eragileek, eta elkarlan horri esker bonuek %20ko deskontua izan dutela. Horrela, herritarrak ordainduko du bonuaren balioaren %80a: «Udalak Astikori emandako dirulaguntzaren zati bat deskontuetara bideratuko da, eta beste zati bat opari-bonuak finantzatzera», gehitu dute eragileek.