Asteartean egin zuen iraileko plenoa Astigarragako Udalak, eta ordenantza fiskalek izan zuten protagonismoa bertan. Izan ere, hiru ordenantzari eman zieten hasierako onarpena, eta horietatik bi dira berriak: egonaldi turistikoen tasa arautzen duena, eta herri barruko garraio zerbitzuaren tarifak arautzen dituena. Hirugarrena, 2027ko zerga ordenantza orokorra da. Hirurak argitaratu zituzten atzo Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean, eta 30 laneguneko epea zabaldu dute alegazioak aurkezteko.
Gipuzkoa osoan aplikatuko den tasa da egonaldi turistikoena, eta Hernaniko Udalak ere asteartean eman zion onarpena, plenoan. 2027ko urtarriletik aurrera, gau bakoitzeko tasa bat ordaindu beharko dute hotel, pentsio, nekazalturismo eta gainerako alojamenduetan gaua pasatzen duten bezeroek. Astigarragako Udalak erabaki du tarifa altuena jartzea, nekazalturismoetan izan ezik, «udalerri gehienetan irizpide berari eutsi zaiolako, eta beraz, alojamenduei ez dielako lehiakortasun galerarik ekarriko».
Herri barruko autobus zerbitzuari dagokionez, berriz, Gipuzkoako Garraioaren Lurralde Agintaritzaren tarifa-sistema onartu eta aplikatzea erabaki du Udalak, eta Mugi sistemarekin erabiliko da. Aurreikuspena da 2027ko lehenengo hiruhilekoan jartzea martxan autobusa, eta hainbat lan egiten ari dira une honetan: proiektua landu edota lehiaketa egiteko zerbitzu-kontratuaren baldintzak zehaztu.
Zerga ordenantza orokorra, berriz, %5,5eko igoera orokorra aplikatuz onartu dute 2027rako, honakoetan: ondasun higiezinen gaineko zerga, ura, hondakinak, ibilgailuak, toki publikoen eta ondasunen aprobetxamendua, hilerriko tasak, hirigintzakoak, irekiera lizentziak, salmenta ibiltaria eta herri baratzak. Dena den, hainbat tasatan ez da igoerarik aplikatuko: jarduera ekonomikoen gaineko zerga, obrak, gainbalioa, Erriberako jarduerak, kiroldegiko tarifak, babespeko etxebizitzak, etxez etxeko zerbitzua eta Gaztelekuko jarduerak.
Igoera aplikatu den kasuetan, abuztuko KPIa (%4,5) gehi puntu batekoa izango da, eta udal gobernuak argudiatu du urte askoan ez dela tasarik igo, edo KPIaren «oso azpitik» igo direla, 2019tik 2026ko uztailera EAEko KPIa %30 igo den bitartean. Horrela, azaldu du Udalak %15eko eros ahalmena galdu duela azkeneko 6-7 urteotan, eta horrek murriztu diola «zerbitzu duinak eskaintzeko eta inbertsiotarako gaitasuna». Nabarmendu du, gainera, Udalak gero eta zerbitzu eta behar gehiagori egin behar diela aurre, eta kasu askotan, nabarmen igo direla zerbitzuen eta kontratuen prezioak. Era berean, gogorarazi du Astigarragako Udalaren presio fiskala «eskualdeko herrien batazbestekoaren maila ertain-baxuan» kokatzen dela, eta herriko familien errenta eskuragarria «eskualdeko herrietakoa baino nabarmen altuagoa» dela. Horrekin, KPIak azkeneko hilabeteotan izan duen igoerarekin, «bereziki erregaien prezioaren ondorioz», eta Udaleko pertsonal gastuaren zein kontratu garrantzitsuen igoera aurreikuspenarekin, erabaki dute %5,5eko igoera hori aplikatzea.
Astigarragako PSE-EE kritiko, zerga eta tasen igoerarekin
Igoera horren kontra egin du Astigarragako PSE-EEk, prentsa ohar baten bitartez. Kontrako botoa eman zuen, hain zuzen, igoera «gehiegizkoa» dela argudiatuz, «justifikatzeko zaila baita egungo testuinguru ekonomiko eta sozialean». Patxi Suárez bozeramaile sozialistaren arabera, «udal zerbitzuen kostuen igoerak ekar dezake tasa eta zerga jakin batzuk eguneratu beharra, baina errealitate ekonomiko horrek berak zuzenean eragiten die Astigarragako familiei eta pertsonei, eta horiek ere bizitzaren kostuaren igoerari aurre egin behar diote». Gainera, adierazi du ezin dela erabili argudio gisa «batezbesteko errenta haundia izatea eskualdeko beste udalerri batzuekin alderatuta, adierazle estatistiko bat baino ez delako, eta ez duelako familia bakoitzaren egoera zehatza islatzen».
Bestalde, tasa turistikoari dagokionez, abstenitu egin zen talde sozialista, haren aplikazioa «udalerri bakoitzaren erralitate turistikora egokitu» behar dela iritzita, eta gutxieneko tasa aplikatzea proposatuta, apartamentu eta etxebizitza turistikoetan izan ezik.
«Oso tresna erabilgarria izan daiteke turismoak udal zerbitzuetan dituen ondorioak arintzeko, bereziki presio turistiko haundia duten udalerrietan. Baina uste dugu Astigarragak presio turistiko oso txikia duela. Horrela hautematen da gure udalerriko egunerokoan, eskaera haundiko data jakin batzuetan izan ezik, hala nola txotx denboraldian edo oso larunbat zehatzetan. Astigarragak 250 ostatu plaza dauzka eta 8.000 biztanle inguru. Hau da, 0,03 plaza biztanleko, araudian aurreikusitako errekargu haundienak justifikatuko lituzketen 10 puntuetaik oso urrun. Gainera, herriko turista gehienak enpresa eta langileak dira, eta horrek sinergiak sortzen ditu enpresen artean, Astigarragako merkataritza eta jarduera ekonomikoa bultzatzen dutenak».