Eneko Olveira, Euskadiko txapeldun

Beñat Los Arcos Ayerdi

Mendi bizikletako denboraldi bikainari errematea jarri dio Eneko Olveira astigartarrak: maratoi distantziako Euskadiko Txapelketa irabazi du 23 urtez azpikoetan, eta bera izan zen onena elite mailakoak ere kontutan hartuta.

Barakaldoko Pulmón de Acero lasterketaren baitan jokatu zen Euskadiko Txapelketa, 75 kilometroko distantziarekin. Maila haundia izan zuen probak, eta denera hirugarren sailkatu zen Olveira (3:39:18), Luis Francisco Pérez gaztelarrarekin (3:38:19) eta Raúl Villar errioxarrarekin (3:38:21) oso lehia estuan. Saul Mateo laugarren sailkatua astigartarra baino zazpi minutu beranduago iritsi zen helmugara, eta Gexan Albisu taldekidea bederatzi minutura, bosgarren.

Distantzia olinpikoko 23 urtez azpikoen Munduko Txapelketa bukatzea lortu ondoren (27garren izan zen), maratoi distantziako txapela gehitu dio Olveirak, olinpikoan ere irabazitako Euskadiko Txapelketari.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!