Basozabal baserriko txoko nabarmenen batean ikusgai egongo da honezkero txapel eder bat, Jokin Urretabizkaiak larunbat gauean lortu zuena. Ezustekoa emanda eta nagusitasunez, Euskal Pentatloiko finala irabazi zuen 'Basozabal'ek Azpeitiko zezen plazan. Denera 30:51 denbora eginda osatu zituen bost lanak (aizkora, harrijasotzea, harri-tira, txingak eta korrika), eta minutu eta erditik gorako tartea lortu zuen hurrengo biekin, Beñat Telleria lasartearrarekin (32:33) eta Andoni Iruretagoiena 'Izeta VI' aiarrarekin (32:34).
Are atzerago geratu ziren Ioritz Gisasola 'Zelai IV' mallabitarra (34:40) eta Julen Kañamares aroztegiarra (36:54), eta erretiratu egin behar izan zuen Xabat Olaizola zarauztarrak.
Sei lehiakideetan gazteena zen 'Basozabal', baina bost lehiakideak hartu zituen mendean, bere aurreneko txapela janzteko. Aspaldi ez bezala gozatu zuela aitortu zuen, eta egun «ahaztezina» izan zela berarentzat.