«Herri mugimenduarentzat festa eredugarria» da Sagarraren Jaia, etzi goiz osoan zehar astigartarrek biziko dutena, Foru Plazan. Goldea elkarteko Antton Arkarenak dira hitzak, baina ekimenaren antolaketan parte hartu duten makina bat elkarte eta eragilerenak ere izan litezke, haundia baita gaurkoan 26garrenez ospatuko dutena: «Ilusioa daukagu herritar guztiek bat eginda ospatzeko».
Beroketa lan polita izan du aurtengo Sagar Uzta festak. Sagardoetxearen 20garren urteurreneko ospakizunari, pintxo lehiaketak eman zion segida atzo, herriko zazpi tabernatan. Bukoi izan da txapela jantzi duena, lehiaketaren laugarren edizio honetan, Beti Goxoren eta Zipotzaren aurretik.
Bihar, berriz, familia giroan ohiko Sagar Bira egiteko elkartuko dira 30 bat lagun, Josu Osak gidatuta.
Eta horrela iritsiko dira igandeko egun haundira, beste edozein baino jendetsuagoa izango denera. Horren adibide da, eguneko aurreneko hitzordua: sagar biltzea egingo dute familian, Sagardotxeako sagastian, 10:00etan hasita; eta 160 lagun baino gehiago elkartuko dira.
Sagarrak bilduta, kalejiran joango dira Foru Plazara, herriko kaleetan barrena; eta hantxe lehertuko da festa, 11:30etan. Hortik aurrera, denetik izango da plazan. Sagardogintzako lanak probatzen ariko dira gaztetxoak, denen artean aurtengo uztako lehenengo muztioa egiteko. Muztio hori izango da eguneko protagonista nagusia, ekitaldiaren bukaeran: topa herrikoia egingo dute 13:30etan, jaiaren momentu berezienean.
Hori baino lehen, sagar, sagardo eta muztio dastaketez, erakusketaldiez eta beste hainbat ekintzaz gozatu ahal izango dute herritarrek, eta giro ederra ziurtatuta dago. 160 lagun elkartuko badira goizeko sagar biltzean, auskalo zenbat bider izango diren eguerdi partean Foru Plazan!
Horrekin guztiarekin, garbi daukate zein den jomuga: «Sagarra gure herriko kulturaren, ondarearen eta bizimoduaren parte gisa ulertzea». Hala adierazi du Leire Alkortak, Sagardoetxeako gerenteak: «Sagarraren kultura gure nortasunaren parte da. Eta ondare guzti hori ez da liburuetan bakarrik jasotzen, praktikaren bidez transmititzen da belaunaldiz belaunaldi, sagarrak biltzen, dolareko lanak egiten, kirikoketa eta txalaparta jotzen, edota sagar dantza dantzatzen».
SAGARRAREN JAIA
FORU PLAZAN
IRAILAK 27, igandea
09:30, Txirrisklako txistularien diana, herrian zehar.
10:00, Sagar biltzea familiekin, Sagardoetxeako sagastian.
11:00, Sagarraren kalejira Foru Plazaraino, herriko kaleetatik.
11:30, Sagardogintzako lanak, baserri-dolarean: sagar biltzea, jotzea eta zanpatzea, bertako familien laguntzarekin.
11:30-13:00, Sagar Uzta Argazki Rally Digitalean izenematea.
11:30-14:00, Sagarraren azoka: sagarren erakusketa eta dastaketa, sagardo eta muztio dastaketa, txertaketen erakustaldiak, sagarrak marrazteko tailerra Astigarterekin, herriko baserritarren produktuen salmenta, eta trikitilariak.
13:00, Sagar dantza eta kirikoketa.
13:30, Txalaparta eta topa herrikoia 2026ko uztako lehenengo muztioarekin.
17:30, Pelota partiduak, Txomiñene frontoian.
