Lehia politak eta lagunarteko erronkak, Santiomendiko paraje ederretan barrena

Beñat Los Arcos Ayerdi

Ibilbide polita izango dute aurretik, Santiomendin barrena.

Gaur goizean jokatuko da Basatrail mendi lasterketaren aurreneko edizioa, Foru Plazatik abiatuta; 09:30etan luzea eta 10:00etan motza.

 

Astigarragan ia edonork ezagutzen du norbait, gaur Basatrailen parte hartuko duena. Izan ere, mendi lasterketa berriak saltsa polita piztu du herrian. Lagunarteko erronkak sortu dira horren bueltan, eta ohiko korrikalariak ez ezik, beste asko estreinakoz animatu dira mendi lasterketa batean aritzera. Horrela, parte hartuko duten 300 korrikalariez gain, askoz ere herritar gehiago mobilizatuko dira gaurkoan, boluntario lanetan aritzeko zein ibilbideko txoko ezberdinetan animoak emateko. Giro ederra ziurtatuta dago, Santiomendin zein herrigunean.

Korrikalariak batera eta bestera ibiliko dira lehenagotik kalez kale, baina 09:30etan abiatuko dira aurrenekoak, 17 kilometroko ibilbide luzekoak; eta 10:00etan laburrekoak, 8 kilometro egingo dituztenak. Biak ala biak pasako dira Santiomendi auzotik aurrena, Larrabide baserritik ondoren, eta ermitatik gero. Toki polita izango da horixe, lasterketa ikusi nahi dutenentzat, luzekoak bi bider pasako baitira, Markesbason barrena ibili ondoren. Motzekoak helmugara jaitsiko dira zuzenean, Agiñetako antenatik Arraspiñe aldera hartuta.

Desnibelaren aldetik, ez da izango mendi lasterketarik gogorrena. Tira, partehartzaileak akaso kontu eske etorriko zaizkigu bukaeran, hau esateagatik... Baina ziztu batean osatuko dute ibilbidea aurrenekoek, eta 10:45etarako helmugan izango dira. Behin lanak bukatuta, plazan segiko du festa giroak, luntxa izango baitute bertan, eta baita sari banaketa ere: distantzia bakoitzeko lehenengo hiru emakume eta gizonek jasoko dute saria, eta baita aurreneko astigartarrek ere. Lagun arteko erronka eta apustuak kitatzeko kontuetan ez gara sartuko...

 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!