Begirale ikastaroa eskainiko du Udalak herriko gazteentzat, doan

Julen Borreguero Fernandorena

Izena emateko aukera pasa den irailaren 15ean zabaldu zuten, eta hilaren 30a da azkeneko eguna. Ikastaroa urriaren 24an hasiko da.

 

Astigarragako Udalak Aisialdiko Begirale Ikastaroa antolatu du ikasturte honetarako. Doan izango da, eta Astigarragan bertan. Hezten erakundeak emango du, eta Udalak adierazi duenez, helburua da haur eta gazteen aisialdian parte hartu nahi duten herritarrei «beharrezko formakuntza eta titulazioa eskuratzeko aukera eskaintzea». Zehazki, parte hartzaileek eskuratuko duten titulazioa da 'Haur eta Gazteen Aisialdirako Begirale' titulua, Eusko Jaurlaritzak homologatua.

Parte hartzeko baldintzak dira 2027ko abenduaren 31rako 18 urte beteta izatea, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako (DBH) titulazioa izatea eta euskera maila altua izatea (ahoz zein idatziz komunikatzeko C1 mailako gaitasuna). Arlo teorikoa zein praktikoa uztartuko dira ikastaroan; zehazki, 150 ordu teoriko eta 160 ordu praktiko izango dira, eta praktikaldia amaitu ondorengo lan bat ere burutu beharko dute ikasleek.

 

Izena emateko aukera, hilaren 30era arte

Pasa den irailaren 15ean zabaldu zen izenematea, eta aipaturiko baldintzak betetzen dituztenek eta interesa dutenek hilaren 30era arte dute aukera apuntatzeko. Nahiz eta doakoa izan, izena ematerakoan, ikasleek 200 euroko fidantza ordaindu beharko dute. Itzuli egingo zaizkie 200 euro horiek, behin bermatuta saioetara agertu direla, saioak aprobetxatu dituztela, eta praktiken %60 Astigarragako jardueretan burutzen dituztela. Heztenen webgunearen bidez (labur.eus/begiraletitulua) eman behar da izena, eta ikastaroa hasiko da urriaren 24an, Kultur Etxe Zaharrean.

 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!