Foru Plaza, asteburu potentearen erdigune: Basatrail larunbatean eta Sagarraren Jaia igandean

Beñat Los Arcos Ayerdi

Lanean jarriko dituzte igandean Foru Plazara bertaratzen direnak, sagarrak biltzen, jotzen eta zanpatzen.

Estreinako edizioa izango du mendi lasterketak larunbat goizez, Santiomendin eta Markesbason barrena, Foru Plazatik abiatu eta bertan bukatuta. Igandean, berriz, Sagar Uzta festaren ekimen nagusia izango da, egun osoan zehar.

Santiotan baino festa haundiagoa izango da asteburu honetan, Astigarragako Foru Plazan. Izan ere, eskutik helduta datoz aurten bi ekitaldi potente, makina bat herritar bilduko dituztenak: Basatrail mendi lasterketaren estreinako edizioa izango da larunbat goizean, eta 26garrenez ospatuko dute Sagarraren Jaia igandean.

Ondotxo dakigu 'zaharrak' sekulako jendetza erakartzen duela urtero, lepo betetzen baita plaza igande eguerdi partean, aurreneko muztioaren dastaketara bitarte. Baina 'berriak' ere saltsa ederra piztu du herritarren artean, azkeneko hilabeteotan. Ez da kasualitatea Basatrailerako izenematea zabaldu eta berehala dortsalak agortu izana. Korrika kontuetan ohikoak diren horiez gain, beste astigartar asko ere animatu dira erronka probatzera, lagunartean. Eta lasterketan 300 lagunek baino gehiagok hartuko badute parte, auskalo zenbat izango diren Santiomendiko txoko ezberdinetara igoko direnak, korrikalariak pasatzen ikustera.

Goizeko 09:30etan abiatuko dira ibilbide luzekoak (17 kilometro eta 760 metroko desnibel positiboa) Foru Plazatik, eta 10:00etan motzekoak (8 kilometro eta 430 metroko desnibela). Berbera izango dute lasterketaren aurreneko zatia. Ipintza sagardotegira igoko dira ziztu batean (bertara iristen aurrenekoak saria izango du, gainera), eta monjetako bidea hartuko dute, Santiomendiko herrigunera azaltzeko, Bustieta baserriaren ondora. Beheko errepidea hartuko dute gero, Larrabide baserrira iristeko, eta baso bidea izango dute hortik aurrera, Santiomendiko ermitaren atzeko aldera azaldu arte. Hantxe izango dituzte zain ikusle asko eta asko, eta baita aurreneko abituallamentua ere.

Jan-edanarekin eta animoekin indarrak berrituta, eta ermitaren inguruko zelaian bueltatxoa osatuta, Agiñetako antenatik helmugara jaitsiko dira ibilbide motzekoak zuzenean, Arraspiñetik eta monjetatik barrena. Luzekoek, berriz, ezkerraldera hartuko dute antenan, Mendizabalera iristeko. Bertako abituallamentuan ur pixka bat edan, jatetxearen atzetik gorantza hartu, eta Markesbason sartuko dira. Eremu pribatua da hori, eta larunbatean soilik izango dute korrikalariek bertako basoan barrena ibiltzeko aukera. Santiomendiko ermitaren atzera azalduko dira berriro, azkeneko tragoxka hartu eta proba motzekoen bide beretik helmugara zuzen jaisteko.

Lanak bukatuta, festa giro polita izango da Foru Plazan, bizitakoak elkarri kontatzen, pintxoek eta sagardoak lagunduta. Lasterketa bakoitzeko hiru emakumezko eta gizonezko azkarrenek jasoko dute saria, eta baita aurreneko astigartarrek ere. Izango da norbait, ordea, plazara sari eta guzti iritsiko dena: Artoene baserriak prestatutako saskia ezkutatuko dute ibilbidean, eta hura topatu, hartu eta helmugaraino jaisten duenak, etxera eramango du.

Dortsalak eta korrikalariaren poltsak jasotzeko, bi aukera izango dituzte partehartzaileek: ostiralean, arratsaldeko 19:00etatik 20:30etara Zipotzan; edo larunbatean bertan, goizeko 08:00etatik 09:00etara Foru Plazan.

Lasterketa bukatutakoan, kiroldegian izango dute dutxatzeko aukera korrikalari guztiek.

 

Sagarraren Jaiarekin urteroko zita ederra, igandean

Larunbatean saltsa polita sortuko bada Foru Plazan, igandekoa ez da gutxiago izango. Urteroko zita ederrari hutsik egin gabe, Sagarraren Jaia ospatuko dute 26garrenez. Goizeko 09:30etan luzatuko du festarako deia Txirrisklako txistularien dianak, eta familian sagarrak biltzeko hitzordua jarri dute 10:00etan, Sagardoetxeako sagastian. Kalejira egingo dute ondoren, herriko kaleetan barrena, Foru Plazara iristeko. Izan ere, 11:30etan hasiko da festa plazan, eta denetik izango da. Batetik, sagardogintzako lanetan ariko dira bertaratuak, sagarrak biltzen, jotzen eta zanpatzen. Bestetik, sagarraren azoka izango da ikusgai: sagarren erakusketa eta dastaketa, sagardo eta muztio dastaketa, txertaketen erakustaldiak, sagarrak marrazteko tailerra, herriko baserritarren produktuen salmenta... Gainera, ohi bezala, Sagar Uzta Argazki Rally Digitalean parte hartzeko aukera ere izango da, 13:00ak arte.

Hain juxtu, ordu horretantxe iritsiko da eguneko une bereziena: sagar dantza eta kirikoketa egingo dute aurrena, eta txalapartarien deiarekin, topa herrikoia egingo dute gero, 2026ko uztaren lehenengo muztioarekin, 13:30etan. Eguna borobiltzeko, pelota partiduak izango dira arratsaldean, 17:30etan Txomiñenen.

 

Pintxo lehiaketa, ostegunean

Sagarraren Jaiak jarriko dio errematea aurtengo Sagar Uzta festari, baina aurretik ere izango da beste zitarik, aste honetan. Izan ere, pintxo lehiaketa eta dastaketa izango da ostegun iluntzean, herriko tabernetan, sagarrarekin eta bere eratorriekin egindako pintxoekin. 19:00etatik 21:00etara izango da pintxoak dastatzeko eta baloratzeko aukera.

Larunbatean, berriz, urteroko Sagar-Bira egingo dute, Basatrail mendi lasterketarekin bat eginez. Goizeko 09:30etan aterako dira haiek ere Foru Plazatik, Josu Osak gidatuta, eta bi orduko mendi ibilbidea osatuko dute familian, Santiomendiko Sagardo Bidean barrena. Doakoa da, baina izena eman behar da, sagardoarenlurraldea.eus atarian.

 

Santiomendiko basoetan barrena ibiliko dira Basatraileko korrikalariak.
 
 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!