Astigarragako EAJk salatu du Pelotari eta Kale Nagusiko bizilagunen artean «udal taldeak sortu duen ezinegona, asfaltatze lanak kudeatzeko izan duen moduak herriguneko bide nagusia erabat ixtea eragin baitu». Jeltzaleek adierazi dutenez, jarduketa jarri da martxan «komunikazio-plangintza egokirik gabe», eta horrek «hainbat zailtasun» eragin dizkie inguruko bizilagunei.
EAJren arabera, bertako herritarrek helarazi dute «aurretiazko informazio eta seinaleztapen argien faltak ziurgabetasun eta kaos egoera» sortu dutela. Diotenez, bereziki kaxkoan bizi diren eta inguruan garajeak dituzten pertsonen artean sortu da egoera hori; izan ere, aparkatzeko arazoak eta ibilgailuak erabiltzeko zailtasunak aurkitu dituzte.
Horrela, talde jeltzaleak salatu du Udalak ez dituela «behar besteko aurrerapenarekin eta argitasunarekin adierazi» lanen nondik norakoak, aurreikusitako mozketak eta izango zituen eragin zehatzak, eta ez duela bermatu informazio hori kaltetutako herritar guztiengana iritsi denik.
Bestalde, Udalak emandako azalpenetan «argitasun falta» egon dela salatu dute jeltzaleek, eta emandako informazioa ez dela nahikoa: «Bizilagunengandik jasotzen ari gara ez dakitela zehazki zer egingo den haien kalean, lanek garajeetarako eta etxebizitzetarako sarbidetan eraingo dutena eta zenbat iraungo duten, ezta lanak nola antolatuko diren edo zirkulazioa nola geratuko den ere».
Amaitzeko, EAJren ustez, «arazoa ez dago udalerria hobetzeko beharrezkoak diren lanak egitean, baizik eta herritarrengan eragin zuzena duen jarduketa bat kudeatzeko moduan». Horrenbestez, talde jeltzaleak eskatu dio Udal Gobernuari «azalpen argiak» emateko, kaltetutako pertsonekiko «informazioa hobetzeko», eta «lanek iraun bitartean sortutako eragozpenak murrizteko beharrezko neurriak hartzeko».