Aurreneko ekintzekin martxa hartuta, astelehenean iritsiko da 'Emakumeak eta kirola' zikloaren hitzordu berezienetako bat: Astigarragako emakume kirolariei buruzko argazki-erakusketa jarriko du Alfredo Ruizek, Erribera kulturgunean. Argazkilari astigartarrak 40 iruditan jaso du herriko emakumeen «dedikazioa, diziplina eta talentua», eta kirolaren beste dimentsio bat ere uzten du agerian: «Osasunerako onurez gain, pertsonen arteko harremanak sendotzeko eta komunitatea indartzeko duen ahalmena», azaldu du Ruizek.
Etzi izango da inaugurazio ekitaldia, arratsaldeko 18:30etan, Erriberako erakusketa aretoan bertan. Hortik aurrera, hiru astez egongo da ikusgai, astelehenetik ostiralera, urriaren 9ra arte.
Zehazki, herriko 20 emakume kirolariren erretratuak eta kirol-jardunean ateratako irudiak topatuko dituzte erakusketa ikustera bertaratzen direnek. Alfredo Ruizek berak sustatutako ekimena da erakusketa, eta urte eta erdi eman du proiektua gauzatzen. «Ikuspuntu soziologiko batetik» landu du, «gaur egungo Astigarragako errealitatera begiratzeko gonbidapen gisa». Proiektuaren muina izan da «emakumeen presentzia eta ikusgarritasuna» aldarrikatzea, «historikoki hain baztertuak izan diren eremuan». Izan ere, Ruizek nabarmendu du «ezinbestekoa» dela emakumeen lana, ahalegina eta lorpenak ikusaraztea, «gizartean erreferente berriak sortzeko eta berdintasunean aurrera egiteko».
Esan bezala, herriko 20 emakume izango dira erreferente erakusketan, 20 kirol diziplina ezberdinetakoak. «Adin eta egoera anitzetakoak» dira protagonistak: amateurrak eta profesionalak, kirola aisialdi gisa bizi dutenak, erronka pertsonal moduan hartu dutenak, edota ihesbide gisa hasi eta bertan euren lekua aurkitu dutenak.
Astigarragako Udalaren babesarekin osatu ahal izan du proiektua Alfredo Ruizek, eta etzitik aurrera gozatuko dute herritarrek urte eta erdiko lanaren emaitzaz.
Erakusketako protagonistekin mahai inguruan, urriaren 8an
Hiru astez, argazki bidez ezagutuko dituzte protagonistak. Baina bertatik bertara ezagutu eta haiekin solasean aritzeko aukera izango dute herritarrek, erakusketaren azkeneko egunetan. Izan ere, mahai ingurua antolatu dute urriaren 8rako, Erriberan bertan, arratsaldeko 18:30etan hasita. Lierni Zinkunegi Saizarrek dinamizatuta, erakusketan protagonista diren hiru kirolarik hartuko dute parte: Ane Zapirain Odriozola, Olatz Alkorta Agirregabiria eta Maren Vieites Bazán.
Kirol jarduera ugari, datozen asteotan
Erakusketaz gain, beste hainbat kirol jarduera ere izango dira datozen asteotan, 'Emakumeak eta kirola' zikloaren baitan. Gaur bertan, esaterako, dragoi ontzia izenekoan ariko dira 14 urtetik gorako emakumeak, Martutenen. Bertara joateko, Joseba Barandiaran plazan elkartuko dira 09:30etan, baina aldez aurretik eman behar zen izena.
Datorren astean, berriz, bi saio antolatu dituzte kiroldegiko gimnasioan, indar makinak erabiltzen ikasteko: irailaren 22an 17:00etan, eta 25ean 09:30etan. Izena eman behar da horietarako ere, kiroldegian bertan.
Eta urrirako prestatu dituzte beste bi jarduera, biak ere eskubaloiarekin lotutakoak. Batetik, lagunarteko txapelketa jokatuko da hilaren 3an, larunbatez, neska infantilen lau talderekin. Goizeko 09:30etan hasiko dira partiduak, kiroldegian.
Eta bestetik, zikloari bukaera emateko, eskubaloia praktikatzeko saioa egingo dute urriaren 9an, ostiralez. Arratsaldeko 18:00etatik aurrera izango da, kiroldegian; eta Gaztelekuko erabiltzaileei zuzenduta dago bereziki. Gainera, saioaren bukaeran omenaldia egingo diete Mundarroko eskubaloi taldeko neskei.
