Arratsalde honetan egingo dute, Astigarragako Euskararen Etxearen irekiera ekitaldia

Julen Borreguero Fernandorena

BADAren egoitza, Astigarragako Nabarra Oñatz kaleko 11garrena.

18:30etan izango da, BADAren (Euskararen Etxea) egoitza, Nabarra Oñatz kaleko 11garren zenbakian. Bi ekitaldi burutu dira jada bertan.

 

Astigarragako BADAren (Euskararen Etxea) irekiera ekitaldia egingo dute arratsalde honetan. 18:30etan izango da, BADAren egoitza den Nabarra Oñatz kaleko 11garren zenbakian. Ekitaldiaren ostean, gainera, jan-edana eta Kattalin eta Nenufarrak taldearen kontzertua izango da, «irekiera herritarerkin batera ospatzeko». Horren harira, Xabier Urdangarin alkateak herritarrak gonbidatu nahi izan ditu hilabetean zehar BADAn antolatu diren ekintzetan parte hartzera: «Zurekin batera eraiki nahi dugu hasiera berri bat», adierazi du Urdangarinek.

Gaurkoaren aurretik, halere, pare bat ekitaldi izan dira jada BADAn. Lehenik eta behin, irailaren 10ean Jaione Gutierrezek idatzi eta Ainara Azpiazuk ilustratutako 'Pipistrelo txikia' liburuaren aurkezpena egin zen. Bestalde, atzo AEK eguna izan zen bertan: AEKk, matrikulazio kanpainaren baitan, hainbat jarduera antolatu zituen.

Eta iraila BADAren inaugurazio hilabetea den heinean, urria hasi bitartean jarduera gehiago butuko dira Nabarra Oñatz kaleko egoitza berrian. Datorren asteartean, irailaren 22an alegia, hitzaldia eskainiko du Xabat Urzelai UEMAko teknikariak, 'Zenbateraino gara herri euskaldun?' izenekoa, arratsaldeko 18:30etan. Udaletik hitzaldia deskribatu dute «Astigarragaren argazki soziolinguistiko» gisa.

Eta irailaren 26ko larunbateko arratsaldeko 19:00etan izango da inaugurazio hilabete honetako azkeneko ekitaldia, BADAn. Kasu honetan, Olatz Salvadorekin eta Alaia Martinezekin 'Hitzen hiztegia' izeneko obraz gozatzeko aukera izango da: «Poesiaz, abestiz, zarataz eta faltan emandako hitzez osatutako pieza musikatu katastrofista izango da».

 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!