Behar zuen bezala ospatu zuten Sagardoetxearen 20garren urteurrena

Julen Borreguero Fernandorena

Irailaren 12an izan zen ospakizun eguna. Museoaren ateak ireki ez ezik, urteurren ekitaldia burutu zuten.

 

Egun berezia izan zen Sagardoetxean pasa den larunbatekoa (irailak 12). Museoaren 20garren urteurrena ospatu zuten, hainbat jarduera entretenigarriekin. Gainera, Udazken Zaporezen garaiari (irailak 12-azaroak 1) ere hasiera eman zioten. 

Urteurren ekitaldi berezian parte hartu zuten hainbat familiak, herritarrek, eta urte guzti hauetan museoarekin harremana izan duten erakunde zein eragileek. Eta horrez gain, egun osoan zabalik mantendu ziren museoko ateak, doako bisita gidatuez gozatzeko aukerarekin. Hori gutxi balitz, arratsaldea modu ezinhobean osatu zuten; izan ere, prestatu zituzten familientzako tailerrak ('Sagardoetxeako lorategia familian' tailerra eta 'Sagarretik sagarrera' oka jokoa) eta kontzertu ezberdinak (3Zur eta Zerumuga).

Azkenik, aipatu beharra dago ospakizun egun osoan zehar, sagardo bereziak dastatzeko aukera izan zela, gaineko argazkian ikusten den bezala.

 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!