Astigartarrak bat eginda, herriko komertzio baten kontrako pintada arrazistak salatzeko

Beñat Los Arcos Ayerdi

Makina bat herritar bildu ziren kontzentrazioan. Argazkia: EH Bildu

Irain eta mezu arrazistak pintatu zituzten asteburuan establezimendu batean, eta horren kontra kontzentrazioa egin zuten astelehenean.

 

Erantzun ozena eman zion Astigarragak herenegun, asteburuan gertatutako eraso arrazistari. Irain eta mezu arrazistak zituzten pintadak agertu ziren herriko komertzio batean, eta hori salatzeko, kontzentrazioa egin zuten astigartarrek astelehen arratsaldean, Joseba Barandiaran plazan. Makina bat herritar azaldu ziren bertara, adierazteko ez dutela horrelako jarrerarik onartuko, eta elkartasuna adierazteko erasoa jasan duen komertzioko kideei.

Erasoa «irmo eta ozen» salatu du Udalak ere, udal talde guztiek aho batez onartutako adierazpen instituzionalean. Alda­rrikatu du «elkarbizitzaren eta giza eskubideen aurkakoa» dela erasoa, eta bere babesa helarazi die establezimenduko familiari eta bertako langileei.

 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!