Seigarrenez antolatu du Udalak, 'Emakumeak eta kirola' ekimena

Julen Borreguero Fernandorena

Eragile antzolatzaileetako ordezkariak izan ziren aurtengoa edizioa aurkezten.

Berrikuntzak dira aurten argazki erakusketa eta mahai ingurua, baita dragoi ontzia ere.

 

Seigarren aldiz jarri du martxan Astigarragako Udalak 'Emakumeak eta kirola' kanpaina. Aurten ere hainbat jarduera eskainiko dira iraila eta urria bitartean, baita ikastaroak ere, irailetik abendura. Helburu nagusia da «emakumeen kirola sustatzea eta emakume kirolariei ikusgarritasuna ematea».

Udalak, herriko zenbait eragileren (Mundarro elkartea, Astigarragako kiroldegia, Gaztelekua, Emakumeon Etxea eta Galtzaur elkartea) laguntzaz, antolatu di­tu emakumeentzako kirol jardu­erak, solasaldiak, tailerrak, ikastaroak, emakumezkoen kirol txa­pelketak eta jaialdiak.

Ekimenaren barruan eskainiko diren jarduerak doakoak dira, emakumeen jabetze eskolakoak izan ezik. Horrela, lehendabizikoa irailaren 4an burutu zen, adineko emakumeei zuzendutako gimnasia saioa. Gaur, halaber, Txomiñenean izango da bigarren jarduera: arratsaldeko 17:00etan hasiko da nesken pelota jaialdia, kadete mailako es­kuzko triangularra hain juxtu.

Antolatu diren jarduerak, bestalde, publiko ezberdinetara zuzendutakoak dira. Herritar orori zuzenduta daude 'Astigarragako emakume kirolariak' izeneko argazki erakusketa eta horri lotutako mahai ingurua, baita gaurko pelota jaialdia zein inguruko nesken lagunarteko eskubaloi txapelketa ere. Edozein neraberi zuzenduta dago eskubaloi praktikaldi saioa, eta soilik emakumeei zuzendutakoak dira gainerako ekintzak. 

Antolatzaileek nabarmendu dute 'Astigarragako emakume kirolariak' argazki erakusketaren aurkezpena eta inaugurazioa izango direla irailaren 21ean, arratsaldeko 18:30etan Erriberan. Urriaren 9ra arte egongo da ikusgai, eta horrekin lotutako mahai ingurua egingo dute urriaren 8ko arratsaldeko 18:30etan, erakusketako protagonista batzuekin. 

Gainera, aurten lehen aldiz dragoi ontzia deritzona antolatu dute: jatorri asiarra duen ur-kirol ontzi mota bat da, eta Martutene auzoan dagoen Donostia Kayak elkarteak bere jardueretan erabiltzen du, Urumea ibaian zehar ibilaldiak eginez.

Eskubaloiaren presentzia ere nabarmena izango da. Urriaren 3an izango da inguruko nesken lagunarteko txapelketa, kiroldegian, 09:30etan. Eta urriaren 9ko 18:30etan, praktikaldi saioa eskainiko zaie Gaztelekuko erabiltzaileei. Ondoren, Mundarro Eskubaloi Taldeko neskei omenaldia egingo zaie.

 

Emakumeak eta kirola

Irailak 12, Nesken pelota jaialdia, kadete mailako eskuzko triangularra, Txomiñenean, 17:00etan. Pelotariak: June Zabala, Itxasne Lizarralde, Itxaso Iparragirre, Maria Balerdi, Izar Etxezarreta eta Ainere Azpiazu.

Irailak 19, Dragoi ontziak. Martuteneko Kayak Elkartean, 10:00etan. 14 urtetik gorakoentzat, igeri egiten jakin behar da. Izenematea kiroldegian irailaren 15era arte. Elkarrekin txirrindulaz joateko, 09:30etan Joseba Barandiaran plazan.

Irailak 29-Urriak 9, 'Astigarragako emakume kirolariak' argazki erakusketa, Erriberan. Aurkezpena eta inaugurazioa irailaren 21ean 18:30etan.

Irailak 22 eta 25, Gimnasioko indar makinak erabiltzen ikasteko tailerra. Kiroldegian, 17:00etan 22koa eta 09:30etan 25ekoa. 16 urtetik gorakoentzat. Izenematea kiroldegian: irailak 22ko ekintzarako apuntatzeko epea irailak 18a da; 25erako epea, berriz, 22a.

Urriak 3, Inguruko nesken lagunarteko eskubaloi txapelketa. Kiroldegian, 09:30etan. Infantil mailako 4 taldek jokatuko dute.

Urriak 8, 'Astigarragako emakume kirolariak' erakusketako protagonista batzuekin mahai ingurua. Erriberan, 18:30etan. Dinamizatzailea: Lierni Zinkunegi. Solasaldirako gonbidatuak: Ane Zapirain, Olatz Alkorta eta Maren Vieites.

Urriak 9, Eskubaloi praktikaldi saioa, eta ondoren Mundarro Eskubaloi Taldeko neskei omenaldia. Kiroldegian, 18:00etan.

 

 
 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!