Jarduerez bete dute eguna, Sagardoetxearen 20garren urteurrena behar bezala ospatzeko

Julen Borreguero Fernandorena

Xabier Urdangarinek eta Leire Alkortak aurkeztu zuten Udazken Zaporez 2026.

Goiz zein arratsaldez jarduerak prestatu dituzte, adin tarte guztietako jendearentzat. Beraz, astigartarrek badute zer egin gaurkoan.

 

Egun osoko egitarau polit zein dibertigarria prestatu dute Sagardoetxeako kideek, Astigarragako Udalaren laguntzarekin, museoaren 20garren urteurrena behar bezala ospatzeko. 'Udazken Zaporez'en garaiarekin batera ospatuko dute beraz, urteurren berezi hau. Goiz zein arratsaldez izango dute zer egin astigartarrek eta inguruko herrietakoek, mota ezberdinetako jarduerak izango baitira Sagardoetxean, adin tarte guztietako jendearentzat aproposak.

Goizeko 11:00etatik 13:00etara, ate irekiekin eta bisita gidatuarekin batera, 'Biribilka' izango da, Idoia Lizeagaren eskutik egingo den arte instalazio partehartzailea. 16:00etatik 18:00etara familientzako jarduerak daude antolatuta. Lehenik eta behin, 'Sagardoetxeako lorategia familian' tailerra eskainiko da, Baratz elkartearen eskutik. Eta bigarrenik, 'Sagarretik sagarrera' oka jokoarekin primeran pasako dute bertaratzen direnek. Azkenik, arratsaldeko 18:00etan, kontzertuak hasiko dira sagastian; 3Zur eta Zerumuga talde astigartarrek jarriko dute giroa.

 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!