Gaur hasiko dira Euskararen Etxearen irekiera ospatzeko ekintzak

Beñat Los Arcos Ayerdi

'Axpi' eta Jaione Gutierrez, 'Pipistrelo txikia'rekin. Argazkia: 1545 Argitaletxea

'Pipistrelo txikia' liburuaren aurkezpena egingo dute gaur, eta datorren ostiralean inauguratuko dute espazio berria.

 

Ikasturte berriarekin hasi du bere ibilbidea Astigarragako Euskararen Etxeak, Nabarra Oñatz kaleko 11garren zenbakian; baina irailean zehar hainbat jarduera prestatu dituzte bertan, irekiera ofiziala egiteko. Izena ere jarri diote: BADA Euskaldunon Topalekua izango da, «euskeraren inguruan elkartu, partekatu eta eragiteko gunea», herritar eta eragile guztientzat zabalik egongo dena.

Gaur bertan izango da aurreneko saioa: 'Pipistrelo txikia' liburua aurkeztuko dute, arratsaldeko 18:00etan, hasiera batean biharko iragarrita zegoen arren. Berezia izango da, Jaione Gutierrez astigartarrak idatzi eta Ainara Azpiazu 'Axpi' hernaniarrak ilustratu baitute liburua. Ohitura zahar bat ekarri dute gogora: gaur egun Perez sagutxoa iristen da Euskal Herriko etxe askotara, umeei hortzen bat erortzean; baina duela urte batzuk arte, xaguxarrari eskaintzen zitzaion eroritako hortza, teilatura botata. Aieko protagonistarekin ezagutarazi dute ohitura zaharra, aurreneko hortza erori zaion haurrarekin.

5-8 urteko haurrei zuzendutako saioa izango da gaurkoa, eta liburuan oinarritutako kontaketa egingo dute.

 

Inaugurazio ekitaldia, datorren astean

Gaurkoaren ondoren, datorren ostegunerako jarri dute bigarren hitzordua, irailaren 17rako: AEK eguna antolatu dute, euskaltegiaren matrikulazio kanpainaren baitan, hainbat jarduerarekin. Eta hurrengo egunean izango da BADAren inaugurazio ekitaldia, ostiralean, arratsaldeko 19:00etan hasita. Espazio berria aurkeztuko dute, luntxa ere izango da, eta Kattalin eta Nenufarrak musika taldeak girotuko du herritar guztiei irekitako ekitaldia, kontzertua eskainita.

Beste bi zita ere jarri dituzte irailerako, Euskararen Etxean bertan. Batetik, 'Zenbateraino gara herri euskaldun?' hitzaldia eskainiko du UEMAko Elixabet Urzelaik, irailaren 22an 18:30etan, Astigarragako argazki soziolinguistikoa eginez. Eta bestetik, 'Hitzen haztegia' emanaldia eskainiko dute Olatz Salvadorrek eta Alaia Martinek, hilaren 26an 19:00etan, musika eta literatura uztartuta.

 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!