Oporraldiko patxada alde batera utzita, ekintza sorta ederrarekin hasiko du kultur ikasturtea Astigarragak. Ez da nolanahikoa prestatu duten agenda, zita garrantzitsuekin eta oso nobedade bereziekin.
Nobedade horietako bat da Euskararen Etxearen irekiera. Uztailean aurkeztu zuten espazio berria, Nabarra Oñatz kaleko 11garren zenbakian; eta joan den astean herriko eragileei erakutsi ondoren, irailaren 18an egingo dute inaugurazio ekitaldi ofiziala, musikarekin eta jan-edanarekin. Gainera, ez da izango hilabeteko jarduera bakarra bertan: 'Pipistrelo txikia' ipuinaren kontaketa izango da ostiral honetan, Astigarragako euskeraren egoerari buruzko hitzaldia hilaren 18an, eta 'Zein doinu du Astigarragak?' musika eta literatura emanaldia 26an.
Euskararen Etxean bezala, ospakizun hila da Sagardoetxean ere, 20garren urteurrena baitu. Hori horrela, festa eguna izango dute larunbat honetan, egun osoko jarduerekin. Ospakizun horixe izango da irailaren bukaeran datorrenaren preludio: Sagar Uzta Jaiaren 26garren edizioa, hilaren 24an, 26an eta 27an.
Askoz ere gehiago izango du iraileko agendak, festetan ere murgilduko baita herria. Zehazki, Aiotzategiko Jaiak izango dira hilaren 18tik 20ra. Eta ez da faltako musikarik, ipuin kontaketarik, antzerki saiorik edota erakusketarik, gainerako asteetan ere.
Erribera kulturgunean, hainbat hobekuntza
Jarduera horietako asko izango dira Erriberan, eta berrituta topatuko du kulturgunea, bertaratzen denak. Izan ere, hainbat hobekuntza lan egin ditu Udalak bertan. Erakusketa aretoan egin ditu lan horietako batzuk, interpretazio-ekipo bat instalatuta. Horrela, aldibereko itzulpena egin ahal izango da, beharrezkoa denean. Horrek saihestuko du, orain arte bezala, itzulpen zerbitzua behar zen aldiro ekipoa alokatu eta interpretea alboan eduki beharra. Aurrerantzean, alboko gela batetik ariko da lanean interpretea, eta kameren eta entzungailuen bitartez jarraituko du ekitaldia, itzulpena egin bitartean. 10 lagunentzako petakak eta entzungailuak dauzka instalatu duten sistema berriak, eta itzulpengintzarako ez ezik, balioko dute entzumen zailtasunak dituztenentzat ere.
Erriberan bertan, «hobekuntza nabarmena» izan du Udal Artxiboak ere. Izan ere, orain arteko metalezko apalategi arrunten ordez, apalategi mugikorrak jarri dituzte, plataforma irristakorren gainean. Apalategi horiek «segurtasun-sistema bat daukate, iraultzea saihestu eta mugimendua blokeatzen duena, zapaltzeko arriskua murriztuz. Gainera, dokumentuak seguru gordetzeko, blokeatzen diren sarrailak dauzkate», azaldu du Udalak.
Apalategi mugikorrak jartzearekin, biltegiratzeko ahalmena haunditu eta dokumentuen kontserbazioa hobetu dute. Denera, 3.000 artxibo-kaxa baino gehiago biltegiratu ahal izango dituzte bertan. Gainera, «higrometroak dauzkate, tenperatura eta hezetasun baldintza egokiak bermatzen dituztenak»; eta hautsetik babestuta daude dokumentuak, biltegiak albo guztietatik baitaude itxita.
Erriberan ez ezik, beste hainbat udal eraikinetan ere ari da hobekuntza lanak egiten Udala. Hori horrela, udaletxean ere egin dituzte hainbat obra, dagoeneko. Nabarmenenak pleno aretoan egin dituzte, maiatzean hasita: tarima kendu dute irisgarritasuna bermatzeko, eta espazioa txukuntzeko lan txikiak egin dituzte (hormak margotu, egurra barnizatu eta altzari batzuk kendu). Gainera, multimedia-sistema bat jarriko dute, irudia eta ahotsa grabatu ahal izateko.
Udaletxeko sarrera nagusian ere egin dituzte irisgarritasuna hobetzeko lanak, eta ate zaharra ordezkatu dute automatiko batekin. Era berean, eraikineko isolamendua hobetzeko lanak egin dituzte: leihoak aldatu dituzte, eraikineko hormak txuriz margotu dituzte, eta harriari tratamendu berezia eman diote.
Iraileko kultur agenda
9, 'Ahatetxoa ahotsa bila' haurrentzako ipuin kontaketa, Amaia Puinen eskutik. 17:00etan liburutegian. 1-3 urteko haurrentzat, euskeraz.
11, 'Pipistrelo txikia' haurrentzako ipuin kontaketa, Jaione Gutierrezek eta Ainara Azpiazu 'Axpi'k egindako ipuinean oinarrituta. 18:00etan Euskararen Etxean (Nabarra Oñatz kalea 11). 5-8 urteko haurrentzat, doan, euskeraz.
11, Ilunabarrak Teilatupean: 'Euskal musikarekin kontuz' antzerki musikala, Maiami kolektiboaren eskutik. 19:30etan Erribera kulturguneko terrazan. Helduek 8 euro eta adin txikikoek 4 euro, edaria barne.
12, Sagardoetxearen XX. urteurreneko ospakizuna, Sagardoetxean. 'Biribilka' arte instalazio partehartzailea, ate irekiak eta bisita gidatua (11:00-13:00); familientzako jarduerak eta oka jokoa (16:00-18:00); eta 3Zur eta Zerumuga taldeen kontzertuak (18:00-20:00).
16, 'Ipuinez blai' haurrentzako ipuin kontaketa, Lur Kortaren eskutik. 17:00etan eta 18:00etan, liburutegian. 4-6 urteko haurrentzat, euskeraz. Doakoa da, baina gonbidapena hartu behar da: irailaren 14tik aurrera, liburutegian edota astigarraga.eus webgunean.
18, Euskararen Etxearen (Nabarra Oñatz kalea 11) irekiera ekitaldia: inaugurazioa, Kattalin eta Nenufarrak musika taldea eta luntxa, 19:00etan hasita.
18, Zineforuma: 'Jone batzuetan' pelikula, eta ondoren, filmeko aktore batzuekin solasaldia. Astigarragako Gazte Asanbladak antolatuta. 20:30etan, Sagardoetxean. Gazteentzat, euskeraz, doan.
18-20, Aiotzategiko Jaiak.
21-urriak 9, 'Emakumeak eta kirola' erakusketa, Alfredo Ruizen argazkiekin osatuta, Erribera kulturgunean. Ordutegia: astegunetan, 09:00-13:00 eta 16:00-20:00. Inaugurazioa irailaren 21ean, 19:00etan.
22, 'Zenbateraino gara herri euskaldun?' hitzaldia, UEMAko Elixabet Urzelairen eskutik. 18:30etan, Euskararen Etxean (Nabarra Oñatz kalea 11).
24, 26 eta 27, XXVI. Sagar Uzta: ostegunean sagar pintxoen lehiaketa eta dastaketa tabernetan (19:00), larunbatean Sagar Bira (09:30), eta igandean Sagarraren Jaia Foru Plazan (09:30etatik aurrera, egun osoan).
26, 'Zein doinu du Astigarragak?' musika eta literatura emanaldia, Olatz Salvadorren eta Alaia Martinen eskutik. 19:00etan, Euskararen Etxean (Nabarra Oñatz kalea 11).